Um Blem Ble tabernarien elkarteak tabernak ixtea erabaki du

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 14a, 13:21

Tabernetako ateak ixteko erabakia hartu dute elkarteko tabernariek, koronabirusa ez hedatzeko helburuarekin.

COVID-19 birusaren alarma piztuta da duela egun batzuetatik herrian. Horren erakusle da gaitzaren prebentziorako erakundeek nahiz eragileek hartu dituzten neurriak. Oraindik ere badira prebentziorako jarraibideak ezartzen ari diren eragileak edo negozioak.

Horri lotuta, Maxixatzen.eus-ek jakin ahal izan duenez Azkoitiko Um Blem Ble tabernarien elkartea bilduta izan da, eta tabernak epe batez ixteko erabakia hartu dute gaur, zapatua, 15:00etatik aurrera. Egoera bere onera itzultzean jakinaraziko dute noiz irekiko dituzten tabernak.

Terrazak ere, itxita

Azkoitiko Udalak, berriz, herriko taberna eta jatetxe guztietako terrazak ixtea erabaki du. "Guztiok dugu ardura gai honetan, eta emandako gomendioak zorrotz betetzea komeni zaigu. Helburua da norbera zaintzea eta babestea, beste guztiak babesteko. Ezin dugu osasuna jokoan jarri. Terrazen itxiera agindu dugu jende pilaketarik ez dadin egon", azaldu du alkateak.

Herritarrei etxean gelditzeko, eta derrigorrezkoa ez bada, joan-etorriak saihesteko esan die Udalak. Era berean, gomendioak "zorroztasunez" betetzeko eskatu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide