2019 urtea amaitzeko, musika eta aldarriak

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 30a, 10:24

Urteko azken eguna izango da bihar, asteartea, eta goizetik hasita hainbat ekitaldi izango da herrian. Txalkor txistularien kalejira eta Udal Musika Bandaren kontzertua izango dira goiz partean; arratsaldean, berriz, presoen aldeko manifestazioa.

Ordu gutxi barru, 2019ari agur esango diote azkoitiarrek, baina urtea amaitu aurretik hainbat ekitaldi izango da herrian bihar, asteartea. Goizean musika izango da protagonista, 11:30ean Txalkor txistularien kalejira izango baita herriko kaleetan zehar. Horren ostean, ohi bezala, Udal Musika Bandak urte amaierako kontzertua eskainiko du Kontzejupean, 12:30ean hasita.

Presoen alde, kantuan

Arratsaldean, berriz, presoen aldeko manifestazioa egingo dute herriko kaleetan zehar, Orain presoak, atera bidera lelopean. 18:30ean hasiko da manifestazioa, eta EH Bilduk eta Azkoitia Baik bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei eta gainontzeko alderdiei. Aurten, gainera, manifestazioaren ostean herriko hainbat musikarirekin batera Hertzainak musika taldearen 564 kantua abestuko dute. Dagoeneko herriko hainbat taldek bertan parte hartuko dutela iragarri dute; besteak beste, Anarik nahiz Ro, Passepartout eta Hartz taldeek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide