Abenduaren 31ko presoen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 28a, 15:47
2017ko manifestazioko irudi bat.

Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Baik hilaren 31n euskal presoen eskubideen alde herrian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Horrez gain, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestaziora batzeko ere eskatu diete herritarrei eta gainontzeko alderdiei.

Urtero legez, abenduaren 31n euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute Azkoitiko kaleetan zehar, eta EH Bilduk eta Azkoitia Baik manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei. "Azkoitiko EH Bildutik eta Azkoitia Baitik gure konpromiso sendoa adierazi nahi dugu Euskal Preso Politikoen oinarrizko eskubide eta giza eskubideen defentsan. Horregatik, presoen berehalako euskal herriratzea eta preso gaixoen etxeratzea eskatzen dugu legediak esaten duen bezala", azaldu dute bi alderdiek.

Bestalde, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den Orain Presoak manifestazio nazionalera joateko deia ere egin diete herritarrei, eta aldarri horretara batzeko eskatu diete gainontzeko alderdiei ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide