Olentzeroren, Mari Domingiren eta Errege Magoen bisitak jaso dituzte ikastetxeek

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 20a, 12:29

Xabier Munibe ikastolan Olentzerori eta Mari Domingiri eman diete ongietorria, eta Floreaga ikastetxean, berriz, Errege Magoekin jaialdia egin dute. Bateko nahiz besteko ikasleek gogoz hartu dituzte Gabonetako protagonistak, eta eskutitzak eman dizkiete, opariak jasotzeko.

Gabonetako oporrak hartu aurretik, bisita bereziak izan dituzte gaur, ostirala, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko ikasleek. Ohiko moduan, Gabonetako protagonista diren Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak ikastetxe banatara joan dira goizean, eta bietan ere, hango umeen ilusioa bor-borka jarri dute pertsonaia magikoek. Xabier Munibe ikastolan, Olentzero eta Mari Domingi izan dituzte, eta umeek kantuz eta bertsotan eman diete ongietorria horiei; Floreagan, berriz, gaurkoan Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeekin egin dute jaialdia -atzo Olentzeroren bisita izan zuten-, eta han ere musikak eta dantzak ez dute hutsik izan. Batekoek nahiz bestekoek eskutitzak emateko aprobetxatu dute unea, eta musuak banatuz amaitu dituzte ekitaldiak.

(Argazkiak: Floreaga ikastetxea eta Xabier Munibeko Udaberri guraso elkartea)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide