Elkartasuna eta karitatea, eskutik eskura

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 7a, 09:30
Elikagaien bakua, Baztarrikalden.

Premia ekonomikoa edo espirituala duten herritarren beharrak asetzeko, askotariko baliabideak ditu haien eskura Azkoitiko Caritasek. Besteak beste, erabiltzaileen arreta zerbitzua, elikagaien bankua, arropen biltegia eta espetxe pastoraltza dituzte martxan. Elkarteak ia 900 pertsonari eskaintzen die laguntza herrian. Abenduko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea.

Elkartasunak eta karitateak bat egiten dute Caritasen. Azkoitian ere urte luzez jardun dute boluntarioek behar gehien duten herritarrei askotariko laguntza eskaintzen, horiek ahalik eta modu duinenean bizi daitezen. Boluntarioen sare sendoa dute osatuta lan guztiak aurrera eramateko, baina are gehiago dira herrian laguntza behar dutenak.

Caritasera jo nahi dutenek harrera zerbitzura joan behar dute lehendabizi; han zehaztuko dute zer laguntza behar duten. Astearteetan eta ostegunetan zabaltzen dute Kantzelean duten bulegoa, eta han aritzen dira Maite Egiguren, Nona Ceron, Mari Karmen Fernandez, Tegi Urzelai, Urrategi Garate eta Estefania Aierdi bi lan saioetan banatuta. Sei boluntario horien egitekoa da Caritasera jotzen dutenei harrera ona egitea, ezinbestekoa da hori: "Gure aurreneko lana da bestea entzutea eta babestuta dagoela sentiaraztea; haien kezkak, egonezinak eta arazoak entzuten ditugu, hona ekartzen duten motxila handia delako, eta estresa ere bai". Harrerako kideek premiazkotzat jo dute laguntza eske joan den pertsona hori "garrantzitsu" sentiaraztea.

Bakoitzaren egoera aztertu ondoren, norberak behar duen eta pertsona horri dagokion laguntza kudeatzen hasten dira harreran. "Lehenengo egunean, elikagaiak eta arropa ematen dizkiegu, horiek eskatzen badituzte. Baina Caritasera jotzen dutenek, batez ere etxebizitzekin dute arazoa; ezin dute alokairua ordaindu". Caritasen tresnak xumeak izanagatik, hainbat baliabide eskaintzen diete herritarrei, eta horretarako dituzte, besteak beste, elikagaien bankua edota jantzien biltegia. Txartelak banatzen dizkiete laguntza dagokienei, eta pertsona horiek dituzten diru sarreren, dirulaguntzen edota familiako kideen eta seme-alaba kopuruaren arabera, laguntza maila batekoa edo bestekoa izango da. "Baremo batzuen arabera zehazten ditugu laguntzak. Kasu batzuetan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen badute ere, ez dira hilaren amaierara iristen, seme-alabak dituztelako, alokairua ordaindu behar dutelako…". Txartelek balio dute elikagaien bankukoekin eta arropen biltegikoekin koordinatzeko, eta hiru hilabetero horiek eguneratu egiten dituzte, tarte horretan familiaren egoera aldatu egin daitekeelako.

Egun, Caritasek 880 pertsona ingururi eskaintzen dio laguntza Azkoitian. Premia duen orori laguntzea da elkartearen funtzioa, haren jatorria edota generoa kontuan hartu gabe. Dena den, etorkinak dira batez ere laguntza eske joaten direnak, baina horien artean aldatu egin da profila: "2017. eta 2018. urteetan, saharar asko etorri ziren. Iaz, geldialdi bat egon zen, eta aldatzen hasi zen joera. Izan ere, ordura arte beti gizonezkoa zen gugana etortzen zena, baina iaztik, emakumeak bakarrik edota seme-alabekin datoz".

Era berean, hego amerikarren gorakada nabarmena antzeman dute azken hilabeteetan, eta azkoitiarrak ere gero eta gehiago joaten dira Caritasera. "Gutxi, baina bertako jendea ere etortzen da. Guk uste baino gertuago daude egoera latzak", adierazi du Egigurenek. "Bospasei urte daramatzat harreran, eta irudipena dut orain lehen baino bertako herritar gehiago etortzen dela. Lehen, oso kasu zehatzak ziren; orain ez", gaineratu du Ceronek. Haien arabera, bertako herritarrei gehiago kostatzen zaie laguntza behar dutela onartzea: "Oso gogorra da zure herrian laguntza eske hastea". 55 urtetik gorako azkoitiarrak dira, batez ere, Caritasera jotzen dutenak. "Saiatzen gara estuasunetik ateratzen, eta ahal dugun heinean, gure alea jartzen. Laguntza eman behar badiegu, gainera, are modu diskretuagoan egiten dugu", adierazi dute.

Misio pastorala da Caritas, eta beraz, eskaintzen duten zerbitzua elkartasunezkoa eta karitatezkoa da. Gainera, administrazioaren osagarria dela azpimarratu dute boluntarioek. "Pertsona bat aurrenekoz etortzen denean, beti Udalera bideratu behar dugu. Administrazioak pertsona horren informazioa eduki behar du, eta hala baldin badagokio, lehenbailehen hartu behar du haren gaineko ardura". Era berean, azpimarratu dute baremoa bera dela pertsona guztientzat, jatorria dena delakoa izanda ere. Dena den, jakin badakite legea "gogorra" dela etorkinentzat, eta haiek zaurgarritasun horren ondorioz jotzen dutela gehiago Caritasera. "Boluntario hasi baino lehen, banekien etorkinen egoera zaila zela, baina ez nuen uste hainbesterainokoa zenik. Hitz egin aurretik, herritar guztiak gonbidatuko nituzke haien errealitatea ezagutzera", esan du Fernandezek. Egigurenek, berriz, honela azaldu du: "Administrazioak lagundu dezan, etorkinak gutxienez sei hilabete egon behar du hemen bizitzen, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen hasteko, berriz, hiru urte. Inork ezin du, ordea, hiru urte lanik egin gabe iraun". Arlo ekonomikoa ez ezik, sentimentala ere kontuan hartzekoa dela deritzo boluntarioak: "Migratzaileek guztia utzi dute beraien sorterrian; sustraiak, senideak eta hildakoak. Horri aurre egitea zaila da oso, eta estres asko eragiten die. Haien egoeran jarri behar genuke". Premia ekonomikoa zein espirituala duen oro gonbidatu dute Caritasera: "Laguntza ekonomikoa baldin badagokio, ziur jasoko duela, baremoa bera da guztientzat".

Elkartasun despentsa

Goizeko hamarrak dira, eta Baztarrikalden dagoen elikagaien bankuko boluntarioak etenik gabe ari dira lanean; eguneko elikagaiak ekarri berri dituzte batzuek, eta besteak horiek sailkatzen eta apaletan jartzen ari dira. Herriko baserritar bat, berriz, autoz iritsi da soberan dituen frutak Caritasi ekartzera. Elikagaien bankuko ateak ordu erdira zabalduko dituzte, eta orduan hasiko dira herritarrei jakiak banatzen. Bien bitartean egin beharrekoen zerrenda, ordea, luzea da.

Duela hamar urte zabaldu zuten elikagaien bankua Azkoitian, eta ordutik, zerbitzua hobetzen joan dela azpimarratu dute han lanean ari diren boluntarioek. "Denbora igaro ahala, egoitza berria eskuratu dugu, produktuak ekartzeko ibilgailu bat ere erosi genuen, eta hozkailua erosteak ere eragin handia izan zuen egunerokoan", esan du bi urtez boluntario lanetan ari den Felix Alkortak. Luis Arregi Izpizu da zerbitzu hori eskaintzen hasi zen aitzindarietako bat, baita urtez urte egitasmoa sendotzeko lanean aritu dena ere. Hark adierazi duenez, hamazazpi familiari hasi ziren elikagaiak banatzen. Egun, berriz, 130 familia joaten dira elikagaiak hartzera. Astelehenetan, astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan banatzen dituzte elikagaiak, eta egunero, 30 bat sendik jasotzen dute zerbitzua. Familiek astean behin eskuratzen dituzte jakiak, eta horretarako, aurrez harrera zerbitzuan emandako txarteltxoa eraman behar izaten dute elikagaien bankura. Izan ere, dituzten txartelen arabera eskuratzen dituzte elikagaiak: "Produktuak familiako kide kopuruaren, errentaren eta jasotzen dituzten bestelako laguntzen arabera banatzen ditugu", esan du Alkortak.

Biltegia zein hozkailuak ondo hornituta eduki ditzaten, egunero Azkoitiko eta Azpeitiko Eroski saltokietara joaten dira, eta hainbat arrazoirengatik horietan saldu ezin dituzten produktuak ematen dizkiete. Adierazi dutenez, Azpeitiko Azkune saltokikoak eta herriko baserritarrak ere "asko gogoratzen" dira elikagaien bankuarekin, eta horiek ere sarri jartzen dute beren alea. "Azkoitian, oso joera handia dago Caritasi laguntzeko; oro har, herri solidarioa dela esango nuke", esan du Amaia Ansoaldek.

Elikagaien bankuaren boluntario taldea osatzen duten 22 lagunetako bat da Ansoalde, eta hiru urte daramatza egiteko horretan. Hark adierazi duenez, hasieratik "ikaragarri" gustatu zitzaion elikagaien bankuaren jarduna. "Batez ere, etorkinak dira bankura etortzen direnak, lanik ez dutenak, oso lan prekarioa dutenak edota laguntza ekonomikoa jasotzeko aukerarik ez dutenak. Dena den, gero eta azkoitiar gehiago etortzen da, hilaren amaierara iristen ez delako. Batez ere, alargunak dira horiek".

Inasa Oueddadi da elikagaien bankuaren laguntza jasotzen duen herritarretako bat, eta barruak hala bultzatuta, zerbitzua prestatzen laguntzera ere joaten da astero. Jaiotzez, sahararra da Oueddadi, eta euskara eta gaztelania ez dakitenei laguntzen die hark, jakiak hartzera doazenekin ondo komunikatu daitezen. "Alabarekin bakarrik bizi naiz Azkoitian, eta oso esker oneko nago Caritasekiko, familiari ezinbesteko zerbitzua eskain-tzen diolako".

Boluntarioen arabera, asko dira Caritasen laguntza jasoko luketen herritarrak, baina askok ez dute horretarako urratsa egiten, batez ere "lotsak" eraginda. "Oso gogorra da Caritasera etortzeko pausoa ematea, baina beraien egoera halakoa delako dator jendea laguntza eske". Janaria banatzeaz gain, erabiltzaile guztiak "gustura" sentiaraztea da boluntarioen egitekoa. Zentzu horretan, boluntarioek herritarrei eskatu diete Caritasekiko dituzten "errezeloak" albo batera utz ditzatela, eta berretsi dute bankuko ateak guztientzat dituztela zabalik.

Jantzien biltegia, herritarrei esker

Duela bospasei urtetik dago martxan Azkoitiko jantzien biltegia. Hara sartzeaz batera, lehenengo korridorean askotariko jantziz betetako apalategia ikus daiteke alderik alde; bertan, hamaika arropa mota aurkitu daiteke. Korridorean aurrera joan ahala, biltegiko bulegoa dago, eta horren atzean, berriz, txukun-txukun sailkatutako arropa gehiago. Astean zehar egunero egon ohi da irekita jantzitegia, eta hainbat herritar joaten da hara arropa bila. Itziar Larrañagak gogoan du noiz hasi ziren proiektu horrekin lanean: "Erromaldo [Romualdo Larrañaga] Caritaseko kideak eta nik jarri genuen martxan jantzitegiaren proiektua. Talde txikia genuen orduan, eta jendea arropa asko eskaintzen hasi zitzaidan. Orduan, Erromaldori galdetu nion zertan ari ginen gu bakarrik lan horretan, hobe genuela Caritasekin bat egitea", azaldu du Larrañagak. Hala, indarrak batzeko Caritasekin bat egin zuten jantzitegiko kideek: "Orduan, Donostiako hitzaldietara joaten hasi ginen, eta asko lagundu zigun zenbait egoeraren aurrean nola jokatu behar genuen ikasteak", nabarmendu du azkoitiarrak. Biltegi txiki batean hasi ziren arropak jasotzen, eta urte batzuk pasatu ondoren, orain duten lokala eskuratu zuten.

Jantzien biltegiko kideak. 

Azkoitiarraren arabera, era guztietako jendea joaten da biltegira. Izan ere, Caritaseko erabiltzaileez gain, herritar orok du hara joateko aukera: "Gaur egun, ez dago garai bateko egoerarik. Laguntza behar duten azkoitiar askok familiarengana edo lagunengana jotzen dute hona etorri aurretik… Arropen beharra ere ez da lehen bezain handia", dio Larrañagak. "Arropen prezioak oso baxuak dira, eta asko oso kalitate onekoak, gainera". Premia duten erabiltzaileek lehenbizi Caritasen harrerara jotzen dute, eta beren egoera ekonomikoa kontuan hartuta, paper bat ematen diete. Ondoren, jantzien biltegira paper hori eramaten dute, eta Larrañagak egoera hori aintzat hartuta, arropatan gastatzeko diru kantitate bat ematen die erabiltzaileei. "Bihozberak eta ulerkorrak izan behar dugu jendearekin. Tontotzat ere ezin gaituzte hartu, baina kopuruz apur bat pasatzen badira, utzi egiten diegu".

Eskari gehien zerk izaten duen galdetuta, jendeak denetarik eskatzen duela dio azkoitiarrak. Orain, bereziki, izaren, manten eta edredoien beharrean daudela aitortu du: "Izara eta manta ederrak ditugu, baina jendea gero eta zorrotzagoa da, eta edredoia eskatzen digu". Horren harira, azkoitiarrari deigarria iruditzen zaio gurasoek egiten dituzten hainbat eskari: "Biltegira etortzen diren guraso askok diote haurrek gelakideek dituzten arropak bezalakoak nahi izaten dituztela. Nik esaten diet hemen dagoen arropa herriko haurrena izandakoa dela. Horrek guztiak zer pentsatua ematen dit". Egungo egoera ez dela garai bateko bera gaineratu du Larrañagak: "Umeak ginenean, inguruko gehienok pobreak ginen. Gaur egun, ordea, hainbatek ikusten du bera baino egoera hobean dagoen herritar asko dagoela".

Jantzitegiko arropa gehiena herritarrek emandakoa da: "Azkoitiarrei eskerrak eman beharrean gaude, herritarren laguntzarik gabe ez ginatekeelako ezer izango". Horrez gain, beste hainbat erakundek eta norbanakok ere kolaboratzen duela aitortu du, Gurutze Gorriak eta Eroskik, besteak beste. Arropa eta gainontzeko osagarriak jasotzen dituztenean, egoera onean daudenak apalategian sailkatzen dituzte. Jantziek garbitzeko beharra badute, berriz, beraiek arduratzen dira lan hori egiteaz. Hain zuzen ere, hamabi lagun inguru aritzen dira jantzitegian lanean; txandak egiten dituzte, eta arropak tolestatzeaz, erabiltzaileei laguntzeaz nahiz kudeaketa orokorraz arduratzen dira.

Gabonen bueltan, gainera, buru-belarri sartuta dabiltza Larrañaga eta jantzitegiko gainontzeko arduradunak. Izan ere, Errege Magoen opariak banatzen dizkiete behar handiena dutenei: "Jantzitegira etortzen diren gurasoei seme-alaben adina galdetzen diegu, eta horren arabera banatzen ditugu biltegian ditugun jostailuak eta". Horrez gain, bizikletaren bat edo iristen bazaie, erabiltzeen artean zozkatzen dute.

Larrañagak argi du pertsonen duintasuna duela oinarri jantzien biltegiaren proiektuak, eta esan du bide horretan jarraituko dutela hemendik aurrera ere. Ildo beretik, azkoitiarrak azpimarratu du aurrerantzean ere ezinbestekoa izango dutela norbanakoen eta erakundeen laguntza jantzien biltegiak aurrera jarrai dezan.

Presoak entzutea helburu

Espetxe pastoraltza da Caritasen beste adarretako bat. Hamabost egunetik behin, igandeetan, Martuteneko espetxera joaten dira Mari Karmen Elorza eta Begoña Aranbarri. Elorzak urtebete inguru darama horretan: "Jubilatu nintzenean Caritasen jendea behar zutela esan zidaten, baina ez nekien zehazki non eta zertarako behar zuten laguntza. Apuntatu egin nintzen, eta orduan esan zidaten espetxeetara joateko zela". Aranbarri, berriz, bizpahiru aldiz joan da Elorzarekin Martutenera: "Espetxera joateko gidaria behar zuten, eta Mari Karmen eta biok joaten gara orain hara". Espetxera joaten hasi aurretik, formakuntza saioak egin behar izan zituzten azkoitiarrek, kartzelako funtzionamenduaren eta legeen inguruan gehiago jakiteko.

Espetxe pastoraltzako kideak. 

Elorzaren eta Aranbarriren egitekoa presoekin hitz egitea da: besteak beste, beren egoeraz galdetzen diete; etxekoekin harremanik ba al duten, kartzelatik ateratakoan zer egingo duten eta abar. "Askotan preso askok beraien egoeraz hitz egin nahi izaten dute. Zenbaitek ez dute seniderik edo lagunik izaten kanpoan, eta gu gara jasotzen duten bisita bakarra", azaldu du Aranbarrik. Elorzak dio presoek gustura jasotzen dutela beraien bisita. 10:00etan joan eta eguerdira bitartean egoten dira han bi azkoitiarrak: "Eguerdi partean meza izaten da espetxeko lokal batean, eta han elkartzen dira espetxeko gizonak eta emakumeak", dio Elorzak. Une hori izan ohi da preso guztiak elkartzen direnetako bat: "Elizkizunak oso politak izaten dira, horren aitzakian denak han juntatzen baitira".

Biak ala biak bat datoz gauza batean: preso askok kartzelatik ateratakoan ez dute izaten nora jo. "Azpeitiarrekin eta zestoarrekin batera, bailarako presoen egoera nolakoa den jakiten ahalegintzen gara; kalera ateratakoan etxerik izango ote duten, laguntzarik beharko ote duten… Horrelako kasuak bideratzen saia-tzen gara", dio Elorzak. "Arazo latza dute askok, espetxe barruan daudenean bertatik ateratzeko gogoz egoten dira. Ateratakoan, baina, zenbait harrera etxeetara joaten dira une konkretu batzuetan, baina hortik aurrera ez dute babesik", azaldu du Aranbarrik.

Konpainia egiteaz aparte, laguntza gehiago emateko eskuak lotuta izaten dituzte Elorzak eta Aranbarrik, ezin baitute janaririk, arroparik edo bestelakorik sartu kartzelara. Hala eta guztiz ere, Gabonetarako kanpaina berezi bat prestatzen dute: "Preso asko kartzelara soinean dutenarekin sartzen dira, eta epaiketara joateko-eta arropa berria nahi izaten dute", dio Elorzak. "Gabonen aurretik arropa bilketa egiten dugu Kantzeleko lokalean. Arropa ekarri ahala kutxak prestatzen ditugu, eta Donostiako biltegira eramaten dute arropa", dio Aranbarrik. Arropa horiek Errege Egunean oparitzen dizkiete presoei.

Presoengandik jasotzen duten esker ona dela eta, Elorzari eta Aranbarriri gutxiago kostatzen zaie bi astetik behin Martutenera joatea: "Gogorra da hamabostean behin hara joatea, baina presoek nola eskertzen diguten ikusita, ezin diot hara joateari utzi. Horiei nork egingo die, bada, kasu, bestela?", dio Elorzak. Dena den, azkoitiarrek diote hara joaten diren boluntario asko jubilatuak direla, eta jende gaztea falta dela espetxe pastoraltzan boluntario izateko; haien esanetan, gazteen konpainiak zeharo aldatuko luke presoen egoera.

Abenduko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide