Luis Arregi: "Bizitzak zikloak izaten ditu, eta nirea bete samartu dut janari bankuan"

Maxixatzen.eus 2020ko urt. 7a, 11:00
Luis Arregi.

Luis Arregi Aramendi 'Izpizu'-k (Azkoitia, 1947) hamar urte bete ditu aurten Caritaseko janari bankuan. Zituen ardurak elikagai bankuko beste kideen eskuetan uzten ari da pixkanaka Arregi. Abenduko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa da honako hau.

Noiz hasi zinen Caritasen?

2009an hasi nintzen, eta astean bi ordutan laguntzeko eskatu zidaten. Hasieran, Caritaseko harrera sailean hasi nintzen lanean, baina oso gogorra egin zitzaidan. Orduan zera esan nien: "Hemen ez al dago besteei emateko ezer?". Janari bankua bazela esan zidaten, eta han hasi nintzen.

Zer nolako egoerarekin egin zenuen topo Caritasen?

Hamazazpi familiari astean behin ematen zitzaion janaria. Askotan gauza gutxi egoten zen, eta hori ez zela bidea pentsatzen genuen. Beste ate batzuk jo genituen, eta poliki-poliki hazten joan ginen.

Nola egiten duzue lan janaria biltzeko?

Bergarako zentroan jasotzen dugu zati handiena. Gipuzkoan bi elikagai zentro daude, bat Oiartzunen eta bestea Bergaran. Janari bilketa masiboetan batzen den guztia Bergarara bideratzen dugu, baina gero, Bergaratik bana-tzen dituzte. Hilero-hilero udalaren kamioiarekin joaten gara janari bila.

Zenbat boluntario zarete?

Orain, hogei bat lagun aritzen gara janari bankuan. Orokorrean, jende heldua gara, baina gazteak ere badabiltza. Konpromisoa hartu behar izaten da egokitzen den egunean joateko eta ordezkoa aurkitzeko.

Denbora asko eskaintzen al diozue?

Ni libreago nago azken aldian, konpromiso handiko jendea sartu da eta. Ordu asko kendu dizkit, eta orain ardurak beste batzuen esku uzten ari naiz.

Nolako bilakaera izan du janari bankuak?

Urtetik urtera, jende gehiago joaten da hara. Azkena zenbatu nuenean, 434 pertsonakoa zen asteko batez bestekoa.

Zein da Caritasera janaria biltzera joaten den pertsonaren profila?

Atzerritarra, zalantzarik gabe. Garai batean, horien zenbatekoa %85ekoa zen, baina orain, %95 ingurukoa da. Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako herritarrak dira bankura jotzen duten gehienak; lehen, aldiz, marokoarrak, sahararrak eta pakistandarrak. Lana egiten duen jendea ere, soldata txikia duelako edo, janari bila etortzen da.

Herritarrek asko laguntzen al dute?

Enpresa batek, auto kontzesionarioa duen pertsona batek eta baratzea duten hainbat herritarrek laguntza handia eman digute. Dena den, gaizki ikusten gaituzten herritarrak ere badaude.

Etorkizuna nola ikusten duzu?

Orokorrean, jaitsi egin da elikagaien eskaera Gipuzkoan. Janari bankuaren beharrik ez izatea izango litzateke
niretzat albisterik onena. Zaila ikusten dut, ordea. Beti egongo dira gugana ezer gabe etortzen diren herritarrak, eta horiei laguntzeko beti egon beharko du janari bankuak. Batzuen egoera arindu egingo da akaso, baina irtenbiderik ez zaio ematen.

Pixkanaka uztea da zure asmoa, beraz.

Bizitzak zikloak izaten ditu, eta nirea bete samartu dut janari bankuan. Dena den, zeharo uztea ez da erraza izango.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide