Hamabi indarkeria matxista kasu artatu dituzte aurten Udaleko Gizarte Zerbitzuetan

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 25a, 10:23

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hainbat indarkeria matxista kasu artatzen dute urtero, eta aurten, azaroa bitartean hamabi emakume artatu dituzte Azkoitian, 2018an baino bat gutxiago. Hamabi kasu horietatik hirutan salatu zuen emakumeak erasotzailea, eta beste bederatzi kasuetan ez zen salaketarik egon.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25, eta urtero legez, herriko hainbat eragilek emakumeenganako indarkeria salatzeko ekitaldiak antolatu dituzte. 2019. urtea hasi zenetik gaur arte, hamabi izan dira Azkoitiko Udaleko Gizartze Zerbitzuetara laguntza eske jo duten herritarrak, eta Maxixatzen.eus webguneak datu horiek jaso ditu.

Aurten, guztira, hamabi indarkeria matxista kasu artatu dituzte Azkoitiko Udaleko Ongizate Sailean. Horietatik bost emakumek 18 eta 30 urte artean zituzten; lauk 31 eta 45 urte artean; eta beste hirurek, 46 eta 59 urte artean. Horrez gain, adingabeko beste hamabi herritar ere artatu dituzte aurten sail horretan. Indarkeria matxista kasu horiei erreparatuz, hamabitik bederatzitan erasotuak ez dio salaketarik jarri erasotzaileari; hau da, artatutako kasuetatik hirutan bakarrik jarri dute salaketa. Hiru salaketa horien kasuan, berriz, kasu bakarrean ezarri dituzte babes neurriak. Udalak ez du erasotuen jatorriari buruzko daturik eman.

Iaz ere antzeko datuak izan zituzten Gizarte Zerbitzuetan. Izan ere, hamahiru emakume artatu zituzten bertan, aurten baino bat gehiago. Sail horretan artatutako adin txikikoak ere, hamahiru izan ziren.

Udalaren adierazpen instituzionala

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen instituzionala onartu du Udalak EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Hiru taldeek konpromisoa agertzen dute emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Bestalde, honako alorretan ekintzak proposatzea beharrezkotzat jotzen dute: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia; horrez gain, biktimei "erreparazioa ematea" garrantzitsua dela nabarmendu dute testuan. Ildo horretatik, Udaleko ordezkariek diote indarkeria matxista pairatu duten biktimen bizi baldintzak hobetzea eta ahalduntze prozesua "bultzatzea" izango direla Udalaren helburu nagusiak.

Horrez gain, indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko lanean ari direla azpimarratu dute testuaren sinatzaileek, tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea "praktikan jarri" eta zehaztu ahal izan dezaten.

Azkenik, indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazteko, modu honetara lagunduko dutela diote hiru alderdiek:

  • Biktimen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jarrita, euren beharrizan eta eskariei entzutea eta arreta ematea. 
  • Langile espezializatu eta kualifikatuak edukita, erreparazioaren ikuspegia eta ikuspegi feminista edukitzea.
  • Erreparaziorako eta ahalduntzeko esku-hartze prozesu guztietan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan egitea.
  • Tartean sartutako erakunde guztiekin koordinatuz, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratzeko, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzea.
  • Talde feministekin eta tokiko emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan arituta, berdintasun politikak eta ekintzak diseinatzeko, biktimei eta bizirik atera diren pertsonei arreta eta erreparazioa ematea.
  • Era berean, dei egiten diegu herritar guztiei, udalerri guztietan Azaroak 25 dela eta, antolatuko diren salaketa eta aldarrikapen ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten. 

Egunean zehar, hainbat ekitaldi

Bestalde, gaurko egunaren harira, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte Azkoitiko Udalak eta Sostenipe talde feministak. 16:00etatik 19:00etara grafiti tailerra izango da Kontzejupean, kale hezitzaileen eskutik. Artxamendi Topalekuan, aldiz, aste osoan zehar egingo dituzte paparrerako txapak, astelehena itxita egongo baita. Abarketatxo ludotekan dantza eginez ospatuko dute Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Bi ekintzak 17:15etik 19:30era bitartean izango dira.

Udalaren ekintzez gain, Sostenipek ere beste bi ekintza antolatu ditu gaurko. Alde batetik, Pamela Palencianoren No solo duelen los golpes monologoa proiektatuko dute Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera; eta bestetik, kontzentrazioa egingo dute plazan, 20:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide