Hainbat ekitaldi izango da Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 19a, 11:58

Azaroaren 25ean, astelehena, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da, eta hainbat ekintza anolatu dute Azkoitiko Udalak eta Sostenipe talde feministak egun horretarako. Besteak beste, tailerrak, emanaldiak eta kontzentrazioa izango dira.

Sostenipe talde feministak eta Azkoitiko Udalak hainbat ekintza antolatu dute azaroaren 25ean, astelehena, izango den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunerako.

Udalaren arabera, indarkeria sexistaren "adierazpide guztiak gaitzetsi" eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko "berdintasunezko gizarte bat eraiki" behar da. Mertxe Zubillaga Udaleko Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, herritarren konpromisoa behar da indarkeria matxistaren aurrean: “Berdintasunaren alde lanean jarraitzea beharrezkoa da, gizon eta emakumeen arteko berdintasun ezari aurre eginez, hor baitago emakumeen aurkako indarkeriaren erroa. Adi egon behar dugu, indarkeria hizkuntzatik hasten da askotan. Indarkeria matxista gizarte honen gaitza da eta guztiok konprometitu behar dugu aurre egiteko”, azaldu du zinegotziak.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean ez ezik, beste egun batzuetan ere hainbat ekintza izango da egunaren harira. Lehen hitzordua zapatuan, hilak 23, izango da, Udaleko ordezkari politikoek sentsibilizazio materiala banatuko baitute Kontzejupean, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Horrez gain, Udaleko Bozeramaile batzordea egunotan bilduko da Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguneko adierazpen instituzionala adosteko.

Hilaren 25ean, berriz, askotariko ekintzak izango dira Udalak antolatuta. 16:00etatik 19:00etara grafiti tailerra izango da Kontzejupean, kale hezitzaileen eskutik. Artxamendi Topalekuan, aldiz, aste osoan zehar egingo dituzte paparrerako txapak, astelehena itxita egongo baita. Abarketatxo Ludotekan dantza eginez ospatuko dute Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna, astelehenean. Bi ekintzak 17:15etik 19:30era bitartean izango dira. Horrez gain, abenduaren 2an Emakunderen autobus ibiltaria jarriko dute parrokia aurrean, 16:00etatik 20:30era bitartean. Udalak adierazi duenez, lehen autobus ibiltaria eskoletako gaztetxoei zuzenduta egoten zen; orain, ordea, herritar guztiek izango dute ekintza horretaz gozatzeko aukera.

Sostenipe ere, prest

Udalaren ekintzez gain, Sostenipek ere beste bi ekintza antolatu ditu azaroaren 25erako. Alde batetik, Pamela Palencianoren No solo duelen los golpes monologoa proiektatuko dute Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera; eta bestetik, kontzentrazioa egingo dute plazan, 20:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide