Lehen helburua bete du 'Errautsak hauspotzen' proiektuaren finantzaketa kolektiboak

Urola Erdiko trikitiari aitortza egingo dion Errautsak hauspotzen proiektua diruz laguntzeko kanpaina abiatu zuten irailean Trikigiro kultur elkarteak, Azpeitiko Kulturaz kooperatibak eta Euskal Herriko Trikitixa elkarteak. Goteo crowdfunding plataformaren bidez, 11.360 euro eskuratu dituzte 40 egunetan, egin zitekeen ekarpenen gutxieneko diru kopurua.

Trikigiro kultur elkarteak, Azpeitiko Kulturaz kooperatibak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Urola Erdiko trikitiari aitortza egin nahi diote. Hori dela eta, 60-70 hamarkadetan Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa nola garatu zen jasotzen duen dokumentala, liburua eta bideografia garatuko dituzte. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, Metakultura egitasmoaren barruan finantzaketa kolektiboa abiatu zuten irailean Goteo crowfounding plataforman, eta gaur, osteguna, jakin dute proiektua gauzatu ahal izango dutela; izan ere, 11.360 euroko gutxieneko langa gainditu dute.

Oraindik ekarpenak egiteko epea amaitu ez den arren —bost egun falta—, guztira 127 ekarpen jaso ditu Errautsak hauspotzen proiektuak; eta, beraz, beste horrenbesteko diru ekarpena egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak –gutxieneko langa gainditzen duten proiektuen zenbatekoa bikoizten du diputazioak Metakultura egitasmoan–. Euskal Herriko eta Kataluniako 47 herritarren dohaintzak jaso dituzte Errautsak hauspotzen proiektuaren sustatzaileek. Proiektuaren bultzatzaileentzat "lorpen handia" da, baina proiektua "ondo eta duin" egin ahal izateko, finantziazio handiagoa lortu beharko dute. Arduradunek azaldu dutenez, guztira 30.805 euro behar dituzte proiektuak argia ikus dezan.

Bigarren fasea, datorren astean

Ekimenak aurrera egiteko lehen helburua beteta, sustatzaileek hogei eguneko bigarren fasea abiatuko dute datorren astean. Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrek egindako dohaintzak bikoiztuko ditu fase berrian ere. Dena den, soilik ekarpen ekonomikoa lehen aldiz egiten duten herritarren kasuan bikoiztuko du zenbatekoa aldundiak. Proiektuari lagundu nahi dioten herritar edo erakunde guztiek Goteo crowdfunding plataformaren bidez egin ditzakete ekarpenak. Horiek egin dezaketen gehienezko dohaintza ehun eurokoa da.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide