Urola Erdiko trikitiari aitortza egingo dion proiektua diruz laguntzeko kanpaina abiatu dute

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 19a, 12:11

Proiektuari lagundu nahi dioten herritar edo erakunde guztiek ekarpenak egin ahal dituzte dagoeneko, Goteo crowdfunding plataformaren bidez, eta gehiengo ekarpena 100 eurotakoa izango da. Ondoren, ekarpen horiek bikoiztuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Trikigiro kultur elkartea, Azpeitiko Kulturaz kooperatiba eta Euskal Herriko Trikitixa elkartea Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa aztertuko duen proiektua lantzen ari dira azken bi urteetan. Orain, proiektua amaitu ahal izateko, Metakultura ekimenaren baitako finantzaketa kanpaina abiatu dute. Proiektuak, Errautsak hauspotzen izenekoa, Urola Erdiko trikitixa 60-70 hamarkadan nola garatu zen jasotzen duen dokumentala, liburua eta bideografia bilduko ditu.

Proiektuari lagundu nahi dioten herritar edo erakunde guztiek ekarpenak egin ahal dituzte dagoeneko, Goteo crowdfunding plataformaren bidez, eta gehiengo ekarpena 100 eurotakoa izango da. Ondoren, ekarpen horiek bikoiztuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Arduradunek agertu dutenez, guztira 30.805 euro behar dituzte, baina lehen 40 egunetan gutxienez 11.360 euro biltzera iritsi beharko dute ekimena aurrera eramateko.

Errautsak hauspotzen proiektuari esker hainbat dokumentu historiko berreskuratzea lortu dute, 40 elkarrizketa inguru egin dituzte, horien artean Lajak hil aurretik emandako azkena, 160 trikitilari inguru identifikatu dituzte, eta galtzera bidean zihoazen 50 erromeriren informazioa bildu dute. Informazio guztia jasotzen duen dokumentala hurrengo urtean estreinatuko dutela aurreratu dute, “oraindik grabaketan dagoen lanak Andoni Egañaren gidoia du. Liburu bat ere argitaratuko da, eta egindako grabaketa guztiekin, 4-5 DVD argitaratuko dira, ekimenaren bideografia osoa jasotzeko”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide