Jendetzak parte hartu du III. lasterketa solidario inklusiboan

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 28a, 19:53

Eguraldi bikaina lagun, ehunka herritar atera da korrika III. lasterketa solidario inklusiboan. Txikienen txanda izan da aurrena, eta ondoren, helduena. Guztira, 900 lagun inguru atera dira korrika antolatzaileen arabera. Aurtengo egitasmoan bildutako dirua Marea Urdinak jasoko du.

Beste urte batez, jendetsua izan da Ttipi Ttapa elkarteak antolatzen duen lasterketa solidario inklusiboa. Gaurkoan eguraldiak ez du hutsik egin, eta antolatzaileek adierazi dutenez 900 herritar inguru ibili dira korrika Azkoitiko kaleetan zehar. Aurtengo egitasmoan bildutako dirua Marea Urdinak jasoko du.

Gaur, zapatua, goizean goizetik izan dira ekitaldiak Azkoitian. Hain zuzen ere, haurrentzako jolasak izan dira 11:00etatik aurrera Abarketatxo ludotekaren eskutik. Ondoren, Urolatarrak txarangarekin kalejira izan da, eta arratsalde partean, DJ animazioaz gozatzeko aukera ere izan dute herritarrek.

17:00ak baino apur bat lehenago hasi dira lehenengo korrikalariak plazara heltzen. Haurren txanda izan da lehenik, eta etxeko txikienek gozatu ederra hartu dute. 7 urtetik beherako haurrek 400 metroko ibilbidea egin dute; 7 urtetik 10 urtera bitartekoek, 800 metrokoa; eta 10 urtetik 12 urtera bitarteko gaztetxoek, berriz, 1.200 metrokoa.

Haurren lasterketa amaitu bezain pronto, gazte eta helduak agertu dira plazara, eta 18:00 inguruan atera dira lasterka. Ehunka herritar korrika ibili da kaleetan zehar, eta beste batzuek nahiago izan dute ibilbidea oinez egin. Azken korrikalariak plazara heldu eta handik gutxira, oparien zozketa egin dute plazan.

Horrez gain, asteburu osoan zehar Ezagutu nazazu erakusketa izan da ikusgai Torre Zuri erakustokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide