Denboraldia hastera doa Anaitasunako bi talde nagusientzat

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 13a, 11:50

Denboraldi aurrea amaituta, lehenbiziko partidak jokatuko dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen gorengo taldeek.

2019-2020 futbol sasoia hastera doa Anaitasunako bi talde nagusientzat. Denboraldi aurrea amaitutzat eman ondoren, lehen partidak jokatuko dituzte asteburuan. Gizonezkoek denboraldi aurrea ondo amaitu zuten irail hasieran, XXXVI. Arrasate Hiria futbol txapelketa irabazi ondoren. Xabier Artetxeren mutilek Elgoibarren aurka hasiko dute sasoi berria, eta partida igandean jokatuko dute 17:00etan, Txerloian.

Emakumezkoei dagokienez lau partida jokatu dituzte denboraldia hasi aurretik, eta horietatik bi irabazi eta beste bi galdu dituzte. Orain, Euskal ligako neskek sasoiari hasiera Zarautzen emango diete, igandean 11:00etan.

Gorrixen bi talde nagusiek aldaketa ugari izan dituzte, jokalari batzuek utzi egin dute kluba eta fitxaketak egin ditu Anaitasunak.

Talde gehiago

Bi talde nagusiez gain, Anaitasunako talde gehiagok ere denboraldiko lehen partidak jokatuko dituzte asteburuan. Ohorezko jubenilen eta Jubenilen lehenengo mailako taldeek etxean jokatuko dute, larunbatean, eta Lehenengo erregionalak, Ohorezko kadete mutilek eta Lehenengo mailako kadeteek, berriz, kanpoan izango dute lehen partida.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide