Hilaren 15ean hasiko dute denboraldia Anaitasunako talde nagusiek

Maxixatzen.eus 2019ko abu. 28a, 09:20

Denboraldi aurrean murgilduta daude Anaitasunako gizonen eta emakumeen gorengo taldeak, eta gaur, asteazkena, jokatuko dute bigarren norgehiagoka. Taldeek hainbat aldaketarekin hasiko dute 2019-2020 denboraldia Ohorezko Mailan eta Euskal Ligan.

Irailaren 15ean hasiko dute 2019-2020 denboraldia Anaitasunako gizonen eta emakumeen talde nagusiek, orduan hasiko baitira Ohorezko Mailako eta Euskal Ligako norgehiagokak. Bi taldeak denboraldi aurrean murgilduta dabiltza, eta neskek zein mutilek gaur, asteazkena, jokatuko dute bigarren partida.

Joan zen asteburuan jokatu zituzten denboraldi aurreko aurreneko partidak, eta emakumezkoek zein gizonezkoek garaipen banarekin ekin diote norgehiagokei: gizonezkoek etxean hartu zuten Mutriku taldea, eta 1-0 amaitu zuten saioa; neskek ere 0-1 irabazi zuten igandean Lakuaren aurka Gasteizen jokatu zuten lehia. Gorrixek gaur ere garaipenaren bila aterako dira zelaira: neskek Elgoibarko Mintxeta futbol zelaian jokatuko dute bigarren saioa; denboraldi aurreko hirugarren partida, berriz, larunbatean izango dute Tolosaren aurka, hango Usabal zelaian; irailaren 7an, berriz, Hernani hartuko dute Txerloian. Gizonezkoei dagokienez, Debako Amaika Bat taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak gaur etxean (19:30), eta larunbatean, Zumarragan jokatuko dute Urola K.E.-ren kontra. Ohorezko Mailakoek ere irailaren 7an amaituko dute denboraldi aurrea, eta azkoitiarrek Añorga taldea izango dute aurrez aurre egun horretan, Arrasaten.

Aldaketak bi taldeetan

Anaitasunako gorengo bi taldeek hainbat aldaketarekin hasiko dute sasoia, jokalari batzuek utzi egin baitute kluba eta beste zenbait batu egin baitira. Klubak jakinarazi duenez, honako lau jokalari hauek fitxatu ditu gizonezkoen taldeak: Mikel Muguruza, Lur Bereziartua, Julen Iriarte eta Josu Zubizarreta. Azken bi horiek berriz jantziko dute elastiko gorria hainbat urtez beste zenbait taldetan lehiatu ostean. Horrez gain, Beñat Landak, Aitor Zulaikak, Xuban Badiolak, Ander Pastrianek eta Jon Letamendiak agur esango diote Anaitasunako gizonen lehen taldeari.

Emakumezkoen taldeari dagokionez, berriz, Oihane Ucin aurrelari azkoitiarra etxera itzuliko da, azken urteetan Zestoako eta Zarauzko taldeetan lehiatu ondoren. Ane Juaristik, Maialen Epeldek, Maria Santizok, Julene Iturbek, Josune Etxebestek, Elene Zabalak eta Elene Agirrek, berriz, Anaitasunako nesken lehen taldea uztea erabaki dute.

Bestalde, denboraldi berriko bazkide txartelak jasotzeko aukera izango dute herritarrek gaur, Anaitasuna eta Amaika Bat taldeen arteko norgehiagoka hasi baino lehen. Bazkideek Txerloian jaso beharko dituzte txartelak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide