Añares Rioja ISBk galdu egin du Euskal Kopako aurreneko partida

Maxixatzen.eus 2019ko ira. 8a, 12:52

ISBko neskak Ibaizabal Saskibaloi Taldearen aurka lehiatu ziren atzo, Azkoitian, eta 62-86 amaitu zuten partida. Hilaren 14an jokatuko dute bigarren norgehiagoka, eta Azkoiti-Azpeitiko taldeak Ausarta Barakaldo EST taldearen kontra neurtuko ditu indarrak.

Emakumeen Euskal Kopako lehenengo jardunaldia jokatu zuen atzo, zapatua, Añares Rioja ISB taldeak. Azkoitiko kiroldegian lehiatu ziren ISBko neskak Ibaizabal Saskibaloi Taldearen aurka, baina Azkoitia-Azpeitiko taldeak ezin izan zuen mendean hartu Bizkaiko taldea; 62-86 amaitu zuten norgehiagoka. 

Ligaxka moduan ari dira jokatzen Emakumeen Euskal Kopa. Lehen faseko beste bi jardunaldiak hilaren 14an eta 15ean izango dira, eta orduan erabakiko da zein talde sailkatuko diren finalerdietara. ISBk hilaren 14an jokatuko du bigarren norgehiagoka Ausarta Barakaldo EST taldearen kontra, eta hilaren 15ean Ibaizabalek eta Ausarta IST Barakaldok neurtuko ditute indarrak. Ligaxka horretatik sailkatzen den taldea finalerdietan izango da, eta Araski izango du aurkari. Bigarren finalaurrekoa, berriz, Lointek Gernikak eta IDK Gipuzkoak jokatuko dute. Finala hilaren 20an izango da, Durangon.

Juaristi tadeko gizonek, bestalde, gertuago dute Euskal Koparen garaikurra. Taldeak gaur  jokatuko du finala Delteco GBC taldearen aurka, ostiralean Zornotzari 70-81 irabazi eta gero.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide