Azkoitiko parrokiak bere babesa erakutsi dio SMH erakundeari

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 9a, 13:45
Felix Azurmendi Azkoitiko erretorea, ezkerrean, Pasaiako kaian atzo.

SMH erakundeari babesa erakusteko agerraldia egin zuten atzo, astelehena, Gipuzkoako zenbait kristau elkartetako kideek Pasai Donibanen; tartean, Azkoitiko parrokiak. Pertsonak erreskatatzea ez da delitua. Aski da! lemapean elkartu ziren. Laguntza eskaintzeaz gain, «politikarien utzikeria» salatu zuten.

Mediterraneoan egoera larrian dauden hainbat errefuxiaturen bizitzak defendatzea da Aita Mariren helburua. Baina, joan den astean berriro ere Greziatik Euskal Herrira itzuli behar izan zuen Aita Marik, Espainiako Gobernuak aginduta.

Atzoko agerraldian, Gipuzkoako zenbait kristau elkartetako gizon-emakumeak bildu ziren Pasaiako kaian. Euren «giza kontzientziarekin eta Jesusen Ebanjelioko senidetasun unibertsalaren mezuarekin koherentziaz bizi nahirik», adierazi nahi dute Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartearen eta Aita Mari salbamendu itsasontziko tripulazioaren alde daudela, euren «babesa, elkartasuna eta konpromisorako borondatea» agertuz.

Aita Mari itsasontzia bueltan.

«Ez dugu Italiako eta Estatu espainiarreko gobernuen gizagabekeriaren konplize izan nahi. Itsasoan bizia galtzeko arriskuan dauden gizakiak erreskatatzea galarazteak, gizatasunaren eta duintasun etikoaren lekukotasun bizia direnak mehatxatzeak, atxilotzeak, isunak ezartzeak eta epaitegira eramateak, esanarazten digu pertsonak erreskatatzea ez dela delitua, betebeharra baizik. Horrek guztiak goratu egiten du egiten duena eta gizartea bera. Jarduera politikoak ez badu balio etikoen euskarririk funtsezko giza eskubideak defenditzeko, zilegitasuna galtzen du, nahiz eta legeetara jo», azaldu zuten.

Nabarmendu zuten legeak «ezin direla inoiz erabili pertsonen eta horien eskubideen aurka». «Legeek ezin dute inoiz, zilegitasunez, heriotza eragin. Aurten, oraindaino, 598 pertsona hil dira Mediterraneoan, erreskatatuak izan zitezkeen pertsonak. Hildako horiek erronka ditugu, guztiongana hedatzen den erronka. Guztiok izan behar dugu gai erantzunkide sentitzeko. Horregatik, hemen egonez adierazi nahi dugu konprometituta gaudela pertsona eta elkarte gisa, bai orain bai etorkizunean, Aita Mari itsasontziarekin eta Itsas Salbamendu Humanitarioarekin», azpimarratu zuten agerraldian.

Felix Azurmendi Azkoitiko erretorea, eskuinean.

Aita santuaren keinuaren bidetik

Ekainaren 5ean, Aita Mari-Itsas Salbamendu Humanitarioko arduradunek Frantzisko Aita Santuarekin egoteko aukera izan zuten San Pedro plazan, jendaurreko audientzian. Misio humanitarioa egiten jarraitzeko «animoa» eman zien, hiru aldiz errepikatu zielarik: «Zuek jarraitu lanean… jarraitu lanean… jarraitu lanean…», eta erantsi zuen aita santuak: «Izugarria iruditzen zait, ez zait buruan kabitzen helikopteroek eta itsasoentziek gizakiak arriskuan ikusi eta ez laguntzea. Jainkoak zigortuko gaitu honegatik». Kristau izanik, hitz horiei «lotuta» daudela azpimarratu zuten. Etorkin, errefuxiatu eta bizitzak salbatzeko konpromisoa dutenekin Vatikanoan elkartu nahi izan zutela azpimarratu zuten atzokoan. Uharte italiarrera milaka etorkinen aterpera joan zeneko seigarren urteurrenean egin zuten topaketa. Aita santuak «arreta eskatzeko eta axolagabekeriaren globalizazioa salatzeko» egin zuen ekintza hartan.

San Pedro Basilikako keinu hori «barru-barruan bizitzeko une bat izatea, gerratik eta miseriatik ihesi bizia galdu duten guztien oroimenez» egin nahi izan zuen aita santuak. Aldi berean, Frantziskoren keinuaren helburua da «egunero, migratzaile eta errefuxiatuak eusten, laguntzen eta hartzen ahalegintzen direnei gogoa berotzea». Euren barneko «alde gizatiarrera eta kristauenera» jo asmoz, bat egin dute aita santuaren keinuarekin.

Eskerrak eta eskaerak

Aldi berean, euskal erakundeei «eskerrak» eman zizkieten Aita Mari itsasontziari eta Itsas Salbamendu Humanitarioari ematen dioten laguntzagatik —Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta laguntzen duten Udalei—. Bestalde, pertsonalki eta kristau elkarteetan konpromisoa hartzen dutela azaldu zuten, Itsas Salbamendu Humanitarioari eta Aita Mari itsasontziari laguntzen jarraitzeko. Agerraldia amaitzeko, Euskal Herriko gotzainei eskatu zieten jendaurrean babesteko eta laguntzeko Aita Mari itsasontziari eta Itsas Salbamendu Humanitarioari, Aita Santuarekin bat eginez. Mediterraneoko «drama humanitarioa» dela eta, Mexikoko eta Estatu Batuetako mugan ere bizitzen ari direla gogorarazi zuten.

Pasai Donibanen egindako agerraldian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide