Aita santuarekin elkartu dira parrokiako kideak, «gizatasunaren txalekoa» emateko

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 6a, 17:10

Lau azkoitiar eta Salvamento Maritimo Humanitario Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak Vatikanoan (Erroma, Italia) izan dira Frantzisko aita santuari «migratzaileen aldeko eta giza eskubideen urraketaren aurkako txalekoa» emateko.

«Giza eskubideen urraketaren aurkako eta migratzaileen alde egiten den lanaren aldeko keinu bezala» gizatasunaren txaleko laranja bat erabili zuten Azkoitiko Aste Santuetan. Quios uhartean migratzaileak salbatzeko erabilitako txalekoa izan zen Azkoitian erabilitakoa. Erramu Igandez erabili zuten lehen aldiz herrian, eta gero, Aste Santuko prozesio nagusian.

Bada, txaleko laranja hori Frantzisko aita santuaren eskuetan utzi dute lau azkoitiarrek. Asteartean, ekainak 4, abiatu ziren Azkoititik eta hegazkinez bidaia egin ostean Erromara egun berean iritsi ziren. Felix Azurmendi Azkoitiko erretorea, Joxe Mari Larrañaga, Axun Arambarri eta Nerea Machado Erromako Vatikano Hirian izan dira txalekoa aita santuari emateko. Salvamento Maritimo Humanitario gobernuz kanpoko erakundeko (GKE) Iñigo Mijangos lehendakariarekin eta Iñigo Gutierrez lehendakariordearekin batera izan da laukotea Erroman.

Aita santuak GKEko kideei hiru aldiz eskatu die «beraien lanean jarraitzeko», «lan bikaina» egiten dutela adieraziz eta «gizakiaren gizatasun falta ezin dela ulertu» esanez. Halaber, gutun bat eman zioten Frantzisko aita santuari «ahotsik ez dutenei ahotsa ematen jarraitzeko» eskatuz. Beldurra azaldu zuen hilzorian dauden pertsonen erreskateari uko egiten dioten itsasontzien axolagabetasunaren aurrean.

Aita santuak txalekoa jaso zuen unea.

Erramu Igandean erabili zuten txalekoa lehen aldiz.

Ostiral Santuko prozesioan erabili zuten bigarren aldiz.

Txalekoa, parrokian.

Txalekoa, Vatikanoan, aita santuari eman aurretik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide