Sara Arangurenek zilarra irabazi du gimnastika erritmikoko Espainiako Taldekako Kopan

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 30a, 19:38

Aranguren (bigarrena, eskuinetik hasita) podiumean, gaur, Ipuruako taldekideekin.

Eibarko Ipurua klubarekin lortu du podiumera igotzea azkoitiarrak, Zaragozan (Espainia) jokatu diren Espainiako Txapelketetan. Herenegun eta atzo bakarka ere lehiatu zen Aranguren.

Sara Aranguren azkoitiarra sariarekin itzuliko da gimnastika erritmikoko Espainiako Txapelketa absolututik. Hiru egunez lehiatu da Aranguren Zaragozan (Espainia) jokatu den txapelketan, eta hirugarrenean iritsi zaio saria: Eibarko Ipurua klubeko taldekideekin, zilarrezko domina irabazi du azkoitiarrak Espainiako Taldekako Kopan. Hiru zintarekin eta bi uztairekin egin dute ariketa Arangurenek eta taldekideek. Enara Bilbao, Lur Aranburu, Indira del Pino eta June Heredero dira Arangurenekin batera zilarra eskuratu duten gimnastak; Tania Nagornaia, Miriam Merino eta Nathasa Urmakaeba entrenatzaileen aginduetara aritu dira guztiak. Urrea ere Euskal Herrira etorri da, Tolosako taldearen eskutik.

Herenegun eta atzo, berriz, banakako txapelketan aritu zen Aranguren, ostiralean sokarekin eta zapatuan zintarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide