Sara Aranguren: «Gozatzera noa Espainiako txapelketara»

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 26a, 11:00
Sara Aranguren gimnasta azkoitiarra.

Sara Aranguren Elias (Azkoitia, 2004) gimnasta azkoitiarra sei urte zituela hasi zen gimnastika erritmikoan, eta datorren ostiraletik igandera bitartean Espainiako txapelketa jokatuko du, Zaragozan (Espainian). Taldeka eta banaka lehiatuko da Aranguren Siglo XXI kiroldegian. Txapelketara abiatu aurretik, Maxixatzenekin elkartu da Aranguren.

Zer moduzko denboraldia egin duzu?

Denboraldia orokorrean ona izan da. Taldeka eta banaka Espainiako txapelketara sailkatu gara. Txapelketa garrantzitsuenean, Euskadikoan, zilarra lortu genuen taldeka. Bakarka, berriz, Euskadiko txapelketan brontzezko domina jaso nuen zintarekin, zilarra sokarekin eta beste zilar bat bakarkako nire bikotearekin.

Espainiako txapelketan arituko zara asteburuan. Zer erakutsiko duzu?

Espainiako txapelketan taldeka eta bakarka lehiatuko naiz. Taldeka hiru zintekin eta bi uztairekin egin beharko dut lan. Bakarka, berriz, sokarekin eta zintarekin arituko naiz.

Zein dira entrenatzaileak ematen dizkizun aholkuak?

Aholku asko eman dizkidate denboraldi guztian zehar. Batez ere, lasai hartzeko esaten didate. Gauzak ondo eta nahi bezala irteten ez zaizkidanean, azkar larritzen eta haserretzen naizen pertsona naiz. Asko ikasi dut denboraldi honetan entrenatzaileen laguntzarekin, eta gauzak kontrolatzen ikasi dut. Entrenatzaileen laguntza ezinbestekoa iruditzen zait; asko laguntzen didate, bereziki amore ematen dudanean.

Zein modalitatetan edota zein gailurekin sentitzen zara erosoen? Eta non deserosoen?

Arraroa egingo zaio jendeari hau irakurtzea, baina erosoen sentitzen naizen modalitatea zinta da. Denboraldi asko egin ditut zinta modalitatean. Deserosoen sentitzen naizen modalitatea, berriz, soka da. Aurten bakarrik landu dut soka. Deseroso sentiarazten nauen puntu bat dut oraindik, baina hasieran baino erosoago sentitzen naiz, denboraldian zehar lan asko egin baitut sokarekin.

 

«Entrenatzaileen laguntza ezinbestekoa iruditzen zait; asko laguntzen didate, bereziki amore ematen dudanean»

 

 

Arropari garrantzirik emango al diozu txapelketa honetan?

Gimnastika erritmikoan arropak garrantzi handia du, musikarekin eta modalitatearekin bat joan behar duelako. Arropak harri asko izaten ditu eta oso ikusgarriak izaten dira.

Zer espero duzu edo zer asmorekin zoaz Zaragozara?

Egiten ditudan ariketekin gozatzera noa Espainiako txapelketara. Denboraldi guztian landutako ariketak ahal ditudan ondoen erakusten saiatuko naiz. Nire helburuetako bat da pistatik gustura irtetea, egindako lanarekin harro egotea eta posible bada hiru onenen artean sartzea.

Zerk sentiarazten zaitu gustura pista barruan? Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Jendearen laguntzak eta pista barruan sartutakoan sentitzen dudan sentimenduak eta indarrak gustura sentiarazten nau. Txapelketetan pista barruan sartu eta sentitzen ditudan sentimenduak eta indarrak ditut gustuko gimnastika erritmikoan. Ezin ahaztu egin ditudan lagun handiak ere.

 

«Pista barruan sartutakoan sentitzen dudan sentimenduak eta indarrak gustura sentiarazten nau»

 

Eibarren entrenatzen duzu. Zergatik? Astean zenbatean entrenatzen duzu?

Azkoitiko taldean ibiltzen nintzen, baina Eibartik deitu zidaten beste maila batean aritzeko. Asko pentsatu beharreko erabakia izan zen, baina azkenean Eibarrera joan nintzen. Astean sei lan saio egiten ditugu. Asteartea da normalean atseden hartzen dugun eguna. Zapatuan txapelketaren bat jokatuta bagaude, ordea, igandean ere atseden hartzen dugu.

Ba al duzu ametsik?

Haurra nintzenean amets gehiago nituen, baina poliki-poliki amets horiek lortzen joan naiz. Gimnastika erritmikoan urte asko igaro nahi nituzke, hori da egungo ametsetako bat. Orain dudan maila baino hobea izan nahi dut etorkizunean, eta zergatik ez, Espainiako txapelketa batean podium barruan sartu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide