PSE-EEk gaitzetsi egin du Azkoitiko genero indarkeria kasua

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 12a, 17:00
Janire Igoa PSE-EEren Azkoitiko jarduneko zinegotzia.

Azkoitiko PSE-EEk «gaitzetsi» egin du atzo, asteartea, Azkoitian izan zen genero indarkeria kasua. «Elkartasuna» adierazi dio biktimari eta bere familiari, eta «udal baliabideak erasotutako emakumearen eskuetan jartzeko» eskatu dio Udalari.

Ohar bidez Janire Igoa PSE-EEko jarduneko zinegotziak dei egin die alderdi guztiei, erakundeei, eta herritar guztiei, «gizarteko gaitza den genero indarkeriari elkarrekin aurre egiteko». Bikote harremanengatik Espainian eraildako emakumeen kopuru ofiziala «1.000 pertsonara igo» dela azaldu du 2003 urteaz geroztik. «Egoera kriminal honekin amaitu behar dugu gizartean, biktimen kopurua lazgarria baita», azaldu du.

Era berean, «zoriondu» egin ditu bizilagunak, emakumearen oihuak entzundakoan eurek ohartarazi baitzuten Ertzaintza. Bizilagunen jarrera «eredugarria» izan zela gaineratu du. «Esku-hartze azkarrarekin amaiera eman zion tratu txarrari Ertzaintzak. Gainera, ustezko erasotzailea atxilotua izan da eta epailearen aurrean jarria dute», gaineratu du Janire Igoa jarduneko zinegotziak. «Tamalez, badira pertsonak emakumearenganako indarkeria toleratzen, justifikatzen eta ikusezin bihurtzen dutenak», salatu du Igoak.

Azkenik babes osoa adierazi die Igoak genero indarkeria sufritzen duten emakumeei. «Erasorik gabeko bizitza nahi dugu sozialistok eskubide moduan, hori aldarrikatzen dugu», aldarrikatu du. Halaber, gizartean kontzientzia sortzeko iniziatibak indartuko dituztela hitz eman du, «indarkeria beldurgarri honekiko kontzientzia sortzeko», eta gehitu du «gizarte osoan eragingo» dutela indarkeria desagertzearen alde», adierazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide