Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu du Azkoitian, genero indarkeria egotzita

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 12a, 12:35

Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, asteartea, genero indarkeriazko delitua egotzita. Adin txikiko seme baten aurrean ustez bikotekidea jipoitu zuela azaldu du Ertzaintzak.

Gertakaria atzo, asteartea, 15:00ak baino lehenago gertatu zen erdiguneko etxebizitza batean. Inguruko bizilagunek eman zioten abisua Ertzaintzari, oihuak entzun ostean. Gertakarietara agertu ziren ertzainek baieztatu zuten familia mailako erasoa zela.

Antza, 31 urteko gizonezko batek bikotekidea zen emakume bat jipoitu zuen. Ertzaintzak jakin ahal izan duenez, eztabaida sortu eta gizonezkoak muturrekoa eman zion aurpegian emakumeari; irainak ere izan ziren. Hori guztia, gainera, bikotearena den adin txikiko semearen aurrean gertatu zen. Ondorioz, Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeria egotzita. Atxilotua gaur, asteazkena, guardiako epaitegiaren esku utzi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide