Ibaietan pilatutako zaborra ikusgai, sentsibilizazio kanpaina modura

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 11a, 13:39
IƱaki Eizagirre, Gorka Alberdi eta Aitor Aldalur.

Azkoitiko ibaietatik ateratako zabor multzo bat ipini dute gaur goizean eliza atarian. Iñaki Eizagirre, Gorka Alberdi eta Aitor Aldalur ekologistak aritu dira zaborra ibaietatik ateratzen. Hondakin horiek ostiralera arte egongo dira bertan, herritarrentzat ikusgai. Modu horretan, ibaira erortzen den «zabor kopuru handia» salatu nahi dute, eta herritarren kontzientzia piztea dute helburu.

«Hau ez da garbiketa kontu bat, arazo ekologiko bat baizik», esan du Gorka Alberdi, ibaiko zabor bilketan aritu den azkoitiarrak. «Hondakinak pixkanaka itsasora iristen ari dira, urak eramanda. 2019an gaude eta batzuentzako ibaiak zabortegiak dira, eta hori onartezina da. Erakundeari neurriak jartzea eskatzen diegu», azaldu du Alberdik.

Bihartik ostiralera bitartean, ibaietatik ateratako hondakinak ikusgai egongo dira eliza atarian. Helburua da herritarrak jabetzea arazoaz, bakoitzak bere esku dagoena egin dezan eta zaborrak itsasoan buka ez dezan. Kanpainak Udalaren babesa du eta Gorka Alberdi ekologistak sustatu du ekimena. Maiatzaren 16an ibaietatik jasotako hondakinak jarri dira ikusgai.

Ekologistek argi dute mezua: «arazo bat daukagu ibaian», adierazi du Alberdik. «Egia da ibaia orain dela 30 urte baino hobeto dagoela. Urte askoan egon da ibaiko ura zikin, eta gaur egun gardenak ikusi arren, hondakin pila bat jasotzen dute, Azkoitian eta bailara osoan. Urtean behin kilometro bateko garbiketa egin ondoren, mila kilo inguru ateratzen dituzte. Iruditzen zaigu astakeri bat dela, eta gainera urtebete barru berdin-berdin gaude. Bestalde, iazko irailean Zumaiako flyschetako irudiak ikusita denak aztoratu ziren. Izan ere, itsas bazterretan ibai garbiketa bat egin zuten eta 3.000 zabor jaso zituzten ibaitik. Ia dena plastikoa zen. Hondakin haietako asko Urola ibaiak eramandakoak ziren, eta oraindik ere zaborra eramaten ari da». 

Hori dela eta, ekologisten helburua da herritarrengan kontzientzia piztea eta Azkoitiko Udalarekin eta inguruko udalekin elkarlanean jarraitzea, neurriak edota baliabideak jartzeko. Esaterako, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean joan den otsailean 160 metrotan sare metalikoak jarri ziren baranda azpietan. Neurri horrekin, zaborra ibaira erortzea ekidin nahi da.

Bestalde, Juin Txiki industriagunean eta Lidl zaharraren atzeko aldean herriko bi puntu beltz aurkitzen dira. Antza, gune horietan pilatzen da zabor gehiena, herritarrek zuzenean botatzen dutelako zaborra. Eliza atarian bilduta jarri duten zaborra handik ateratakoa da, goiz bakar batean eta 200 metrotan. Iaz, esaterako, bando bat zabaldu zuten Azkoitiko Udalak eta Mankomunitateak ibaira zuzenean zaborra ezin dela bota ohartarazteko. Hala ere, oraindik zabor poltsak asko ikusten dira ibaian.

Arazoari aurre egiteko, jarraipen bat egitea beharrezkoa dela adierazi dute eta, horrez gain, ibaiak garbi edukitzea Udalen ardura ez ezik guztien egitekoa ere badela gaineratu dute. Ekologistek azpimarratu dute eurek konpromisoa hartu dutela, herritarren artean kontzientzia pixka bat sortzen ahalegintzeko eta udalekin neurriak eta baliabideak hartzeko. «Guk urtean behin jasotakoarekin bakarrik alperrik da; ibaiak urtero tonak eta tonak ematen ditu itsasora. Aldatu egin behar da egoera hau, ezkuta ezinezko arazoa baita», esan du Alberdik.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide