Plastikoa ibaira ez erortzeko, baranda azpiak itxiko ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 19a, 11:34
Miguel Angel Bastida hirigintza zinegotzia. (Argazkia: Maxixatzen)

Azkoitiko Udalak xaflekin itxi ditu herriko hainbat gunetako baranda azpiak, plastikoa ibaira ez erortzeko, eta lanak datozen egunetan amaitzea aurreikusi du Miguel Angel Bastida Hirigintza zinegotziak.

Azkoitiko Udalak galbanizatutako xaflekin estali ditu herriko hainbat gunetako ibai alboetako baranda azpiak. Neurri horrekin, plastiko zorroak eta oro har zaborra ibaira erortzea ekidin nahi du. Zentimetro bateko tartea utzi dute xaflaren azpian, «urarekin garbiketa egitean urak pasadizoa izan dezan», eman du jakitera Migel Angel Bastida zinegotziak. Udalak duela gutxi adostu du hitzarmen berria Ur Agentziarekin, eta aurrerantzean erreketara eta ibaietara sartzeko eskumena izango du, plastikozko zaborra uretatik ateratzeko.

Gorka Alberdi herritarraren laguntzarekin hasi zen Udala neurria lantzen. «Gorka Alberdik esan zigun arazoak zer nolako konponbidea izan zezakeen. Alberdirekin egon gara, eta arazo gehien dauden herriko guneen berri eman digu», azaldu du Miguel Angel Bastida hirigintza zinegotziak. Brigadako langileekin gaia landu dutela ere azaldu du zinegotziak. Gorka Alberdik proposatu du Udalak hartu duen lehen neurria. «Sekulako lana hartu du Alberdik. Tartean-tartean errekara sartzen da egoera ikusteko eta zaborra uretatik ateratzeko», azaldu du Bastidak.

172 metro baranda estaliko ditu Udalak datozen egunetan.

Guztira baranden 172,20 metro lineal estaliko ditu Udalak neurriarekin. 3.672,96 euro erabiliko ditu Udalak lan horretan —BEZa barne—. San Martin kaleko errekaren bi aldeak —20,50 metro—, San Martin eta Ibaiondo kaleen artean dagoen autobus geltokiko zubia —17 metro—, Agirre Lehendakaria ibilbidea edo Zurt tabernako terraza —26 metro—, Ibaiondo kalearen atzeko aldea —17,40 metro—, Trino Uria kaleko pasealekua —20,70 metro—, Ugarte kaleko pasealekua —22,60 metro— eta Iturri jatetxearen pareko zubia —48 metro— itxiko dituzte. «Lanak aste honetan bukatuta izango direla espero dugu», adierazi du Bastidak.

Momentu honetan arazo gehien dauden tokiak estali ditu Udalak, baina zinegotziak azaldu du «ez gara horretan geldituko». Nola funtzionatzen duen ikusi, eta gerora begira gehiago jarri behar diren edo ez aztertuko dugu», jakinarazi du Bastidak. «Beharrak hauteman ahala neurriak hartzen joango gara». Bastida zinegotziak herritarrei eskatu die sentsibilitatez eta arduraz jokatzeko. «Beste arlo batzuetan erabil genezakeen dirua erabiltzen ari da Udala horrelako gaiekin», adierazi du, azkenik, zinegotziak.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide