Bizkargiko sutea

Auto bat kiskali da Bizkargi plazako garajean izan den sutean

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 30a, 18:36
Sutea izan den garajerako sarrera. (Argazkiak: Maxixatzen)

Arratsaldean sutea izan da Bizkargi plazako garajeetan. Ertzaintzak Maxixatzeni jakinarazitakoaren arabera, argi instalazio batek su hartu eta alboan zen auto bat kiskali da sutean. Ez da zauriturik izan ezbeharrean, eta egoera kontrolatzea lortu dute Gipuzkoako hiru Suhitzailee Parkeetatik etorritako suhiltzaileek.

Ertzaintzaren arabera, argi instalazio bat lehertu da Bizkargi plazako garajean, eta ondorioz auto batek sua hartu du 16:00ak inguruan Bizkargi plazako garaje batean. Bizilagun batek Maxixatzeni azaldu dionez leherketak «dardara» eragin du etxebitzitza batean, eta ondoren beste leherketa batzuk izan dira, «txikiagoak». Sutearen ondorioz ke asko atera da zirrikitu guztietatik, hala nola, etxebizitzetako tximinietatik, hodietatik eta estoldetatik.

Bizkargi plazako zazpi bebarrutan banatutako 56 etxebizitzetako bizilagunak etxebizitzetatik atera ditu Ertzaintzak, izan ere kea etxe barruetaraino sartu da kasu batzuetan. Bi ordu inguru izan dira bizilagunak euren etxeetatik kanpo. Bertaratutako herritarrek ere urduritasunez jarraitu dute sutea. Halere, bihar arte ez da garajeetara sartzerik izango. Eibarko, Zarauzko eta Azpeitiko Suhitzaile Parkeetako suhiltzaileak izan dira sutea itzaltzen. Une honetan kontrolpean dute Bizkargi plazako garajeetako egoera.

Ertzaintzak, suhiltzaileek eta osasun zerbitzuek Maxixatzeni azaldu diotenez, ez da inor zauritu sutean. Orain aireztatze eta zaintza lanak egingo dituzte suhiltzaileek. Sutearen ondorioz, gainera, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren hasieran ordu bete atzeratu da.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide