Javier Zubizarreta: «Egoitza orain tokialdatzea ezinezkoa denez, hurbiltzeko modua egingo dugu garraio zerbitzuak hobetuz»

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 4a, 10:24
Javier Zubizarreta, alkatea. (Argazkia: Azkoitiko Udala).

Egoitza kalera hurbiltzeko asmoarekin, Egoitza Kalera taldea herritarren sinadurak biltzen ari da egunotan, eta mugimendu horri erantzun dio Javier Zubizarreta alkateak. Besteak beste, mugimenduarekin «bat» egiten duela azaldu du, baina egoitza orain lekualdatzea ez dela «bideragarria» azpimarratu du.

«Orain ezin denez San Jose Egoitza kalera ekarri, zentroa irisgarriagoa eta hurbilekoagoa egiteko moduak bilatuko ditugu», dio Javier Zubizarreta alkateak. «Bat nator Egoitza Kalera mugimenduaren aldarrikapenarekin. Askoz hobea litzateke egoitza herri erdian egotea. Baina argi hitz egin behar da. Gaur lekualdatzea ez da aukera bat. Ez da bideragarria. Horregatik, bisitak errazteko eta egoiliarrei behera jaitsi eta paseoa eman eta etxekoekin egoteko aukerak emateko, hainbat neurri proposatzen ditugu».

Hiru dira Javier Zubizarreta alkateak mahaigaineratutako proposamenak, egoitzaren kokapenak eragiten dituen oztopoak saihesteko edo arintzeko. «Bat: herri barruko garraioaren zerbitzua hobetuko genuke. Bi: igerileku irekien inguruan igogailua eraikitzea proposatzen dugu. Eta hiru: bertako egoiliarrentzat eta familientzat garraio zerbitzu pertsonalizatua eskainiko genuke, orain Eguneko Zentroko erabiltzaileen joan-etorrietarako duten furgonetari etekin gehiago atereaz. Modu horretan, egoiliarrak herrigunera etortzeko aukera izango lukete paseatzera, ospakizun batera edo kafea hartzera».

Alkateak positibotzat jotzen du herritarrek modu aktiboan parte hartzea  «Azkoitia hobeago baten alde». Egoitza Kaleraren eskakizuna «bete ezinezkoa» dela uste du epe laburrean eta ertainean, «eskatzen duen esfortzu ekonomiko erraldoiagatik, egoitzaren eskumena ez delako Udalarena, eta une honetan Azkoitian ez dagoelako instalaziorik egoitza lekualdatzeko».

Egoitza Kalerak, beste aukera batzuen artean, Santa Klara proposatzen du egoitza berriaren kokaleku gisa. Zubizarretak dio Santa Klara komentua Oñatiko Santa Ana komentuarena dela eta ez Udalarena.

Gaineratu du San Jose Egoitzaren instalazioak eta kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daudela. «Udalak ez du inolako eskumenik egoitzaren gainean. Horrekin ez dut esan nahi ezer ezin dugunik egin. Hitz egin dezagun. Uste dut gure proposamenak soluzioaren parte direla».

«Epe motzera eta ertainera egoitza tokiz aldatzea pentsaezina bada ere, zerbitzuak hobetzen eta joan-etorriak errazten joan behar da. Hori da gure esku dagoena, tokiz aldatzea ez», dio Zubizarretak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide