Egoitza Kalera: «Egoitza kalera ekartzeko indarrak elkartu nahi ditugu, arazoa guztiona baita»

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 28a, 13:43
Egoitza Kalera hurbiltzeko eskatu dute 800 lagunek baino gehiagok. (Argazkia: Maxixatzen)

Egoitza kalera hurbiltzeko asmoarekin, Egoitza Kalera taldea otsailaren 23an hasi zen herritarren sinadurak biltzen. «Herriak gaiarekiko duen nahia» ikusi nahi dute, ondoren agintariei erakusteko. 

«Irisgarritasuna» eta «integrazioa» muga direlakoan, Azkoitiko San Jose egoitza «kalera hurbiltzeko» eskaera egin zuten Egoitza Kalera kideko lagunek, duela egun batzuk. Gaur egun egoitzaren egunerokoa gertutik ezagutzen duten pertsonak eta aurrez egoera berdina bizi izan zutenak elkartu dira, eta lehen urratsa eman dute: gaia herriari zabaltzea. Azaldu dute «urteetan kalean bolo-bolo ibili den gaia» dela egoitzarena, eta azken hilabeteetan adinekoei zabaldu zaizkien inkestetatik sortu zela taldean bildu eta lanean hasteko ideia. 

San Jose egoitza «bere garaian ondo egin» zela adierazi dute Egoitza Kalera taldekoek. Halere, uste dute «garaiak aldatu» egin direla eta «egoitza ez dagoela tokirik egokienean». Egoitzak bere «betebeharra» bete duelakoan daude Egoitza Kalera taldeko kideek. «Sasoi batean gurpildun aulkian ez zen inor ibiltzen, eta horregatik ez zen oztopo egoitza goian egotea. Egun, ordea, jende asko dago gurpildun aulkian eta pertsona horientzat oztopoa da egoitza goian egotea», azaldu dute. Gaineratu dute, etorkizunean adinekoen egoitzara joango dela pentsatzen duen «gero eta jende gehiago» dagoela. Egoitzak «irisgarritasun arazoa» eta «integrazio falta» dituela uste dute taldekideek, eta horrek eragina duela egunerokoan. «Egungo egoerak murrizten du egoitzan dauden egoiliarrei bisita normaltasunez egitea, eguneroko sartu irtena egitea», azaldu dute. Herrira hurbildu nahi dute, «herrigunean egonda herri barruan mugitzeko eta herriko giroa ikusteko aukera» izango luketelako egoiliarrek, eta «bizi kalitatea hobetu» egingo litzaiekeelako egoiliarrei bisita egiten dieten familiako kideei zein boluntarioei.

820 sinadura lehen egunetan

Joan den zapatuan hasi ziren sinadurak biltzen, «egoitza kalera hurbiltzeko Azkoitiko herriak duen nahia» neurtzeko. 16 urtetik gorako 820 herritarrek eman dute izena momentuz. Sinadurak jasotzean «herritarrak kezkatuta» daudela nabaritu dute taldekideek. Halaber, datuak «oso onak» direla azaldu dute. «Mugarik ez» diote jarri sinadura kopuruari; «ahalik eta gehien» batu nahi dituzte. Bestalde, garbi utzi dute «herriaren nahia» agintariei helaraziko dien «bitartekaria» dela Egoitza Kalera taldea. «Beste asmorik ez» dutela argi utzi dute. Nabarmendu dute, halaber, egin duten eskaera ez dela egungo Udal Gobernuarentzat soilik. «Gero etorriko direnentzat ere bada egin dugun eskaera», azpimarratu dute.

Oraindik ez dira inorekin elkartu gaiari buruz hitz egiteko; «herritik, oinarritik» hasi direla azaldu dute, baina behin sinadurak bildutakoan agintariei emango dizkiete. Taldekideak jakitun dira gaiak bere denbora beharko duela. «Badakigu ez dela egun batetik bestera egingo kontua. Nahi duguna da hariak mugitzen hastea», gaineratu dute taldetik. «Bertan bizi direnek izan ez duten aukera izatea nahi dute ondorengoentzat; hori esaten digute», jakinarazi dute. «Asko dira borondatez bere familiako kideei lanik ez emateagatik egoitzara joatea eskatu dutenak», diote. Gizartea zahartzen ari dela ikusita, «jarrera hori orokortu» egingo delakoan daude. «Egoitzaren egoera eta lekua hobeak badira, egoitzara joateko erabakia errazago hartuko du jendeak», azaldu dute.

Ez dute ezer ezkutatzeko, eta idatzia herriko hainbat eragileri banatu diete. «Udalera eraman genuen idatzia taldearen asmoa adieraziz; elizan eta egoitzan ere banatu dugu idatzia. Garrantzitsuena da herritarrei mezua zabaltzea. Egoitza kalera ekartzeko indarrak elkartu nahi ditugu, arazoa guztiona baita». Egun 80 plaza daude San Jose egoitzan. Etorkizuneko adinekoen egoitza «era askotakoa» izan daitekeela uste dute, baina gai horiek aurreragorako utzi dituzte. Orain, «egoitza herrira hurbiltzea» eskatu nahi dute. Horretarako, gonbidapena luzatu diete herritarrei sinadura emateko. «Zenbat eta sinadura gehiago jaso, errazagoa izango da egoitzari irtenbidea ematea», azpimarratu dute. Martxoaren amaierara arte jarriko dute mahaia sinadurak biltzeko. Zapatuetan eliz atarian izango dira, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Astelehenetan, berriz, 12:00etatik 12:30era herriko plazan izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide