Iñigo Antsorregiren 'Zurrunbiloan' antzerkia, estreinatzear

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 5a, 09:38
Iñigo Antsorregi, eskuinean.

Iñigo Antsorregi Dierez (Azkoitia, 1993) ‘Zurrunbiloa’ antzezlana aurkezteko azken prestaketa lanetan da. Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren saria jasoa zuen iaz, eta datorren ostegunean estreinatuko du.

Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programan bigarren sailkatu zen Iñigo Antsorregik idatzitako Zurrunbiloa antzezlana. Donostia Kulturak antolatzen duen Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntza jardunaldien lehiaketara aurkeztu zuen lana. Bigarren saria eskuratu ostean, guztira lau emanaldi eskainiko dituzte datozen egunetan, Donostian. Ostegunean, otsailak 7, Botanikan antzeztuko dute lehen aldiz, 19:00etan. Bigarren emanaldia otsailaren 9an izango da, Museum Cemento Rezolan, 20:00etan. Hirugarrena, berriz, otsailaren 15ean eskainiko dute El Nidon, 20:00etan. Azken emanaldia, otsailaren 17an izango da Via Foran, 19:00etan.

Iñigo Antsorregi azkoitiarrak idatzitako istorioa da Zurrunbiloan. Asier Oruesagastik zuzendu du obra, eta aktore lanetan aritu dira Nerea Gorriti eta Ander Azurmendi. Guztien artean osatzen dute Txinparta Antzerki Taldea. Musikak ere izango du bere tartea antzerkian. Abestiak eta letrak Nerea Gorritik, Iker Laurobak eta Mikele Arizkorretak osatu dituzte. Entzun antzerkirako prestatu duten musika. Pertsona bat depresiora nola irits daitekeen azaldu dute obran, eta bisexualitatearen gaia ere jorratu dute. Proiektuaren sinopsia honakoa da: Gaizka aulki batean aurkitzen da. Ez daki nola iritsi den horretara, ezta zer gertatu zaion ere. Harrapatuta, laguntza eske hasiko da. Halako batean, eskuan gitarra daraman emakume bat agertuko zaio. Baina... Gizakia al da? Gaizkak ez du jakingo amaiera arte. Dakien bakarra gitarra jotzaile hori bere arazoei amaiera ematen laguntzera etorri dela izango da. Horretarako, bere barnean erantzun asko aurkitu beharko ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide