Iñigo Antsorregiren 'Zurrunbiloa' antzezlana bigarren Poltsiko Antzerki Sorkuntzan

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 16a, 10:15
'Zurrunbiloa' antzezlaneko lantaldea.

Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programan bigarren sailkatu da Iñigo Antsorregi Dierezek (Azkoitia, 1993) idatzitako Zurrunbiloa antzezlana. Programaren asmoa da euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzea. Prestatu behar izan duten antzezlanaren formatua poltsiko antzerkia izan da, hau da, tabernetan egin daitekeen antzerkia.

 

Lanak saritzerako orduan epaimahaiak egitasmo artistikoaren originaltasuna, proiektu-txostenaren zorroztasuna, taberna edota tamaina ezberdinetako bestelako espazio txikietara egokitzeko gaitasuna eta euskara maila hartu ditu kontuan.

Azkoitiarra «oso gustura» agertu da bigarren sariarekin. «Aspalditik nuen gogoa proiektu hau martxan jartzeko, eta orain sari honi esker posible izango da. Nerea Gorritirekin eta Ander Azurmendirekin lan egiteko gogoa ere banuen», azaldu du Antsorregik. «Donostia Kulturak antolatzen du Poltsiko Antzerki Sorkuntza programa eta euskarazko sorkuntzari dagokion saririk garrantzitsuenetakoa da», azaldu du azkoitiarrak. Aurreko edizioetako irabazle askoren lanak ikusita dagoela adierazi du Antsorregik eta proiektu «sendoak» egon direla azpimarratu du. «Maila ematea espero dugu guk ere», gehitu du, azkenik.

Donostiako hainbat tabernetan eta aretotan egingo da Poltsiko Antzerki Jaialdiaren 28. edizioa 2019ko otsailaren 7tik 24ra bitartean eta horren baitan Antsorregik idatzitako antzezlana ikusteko aukera izango da orduan.

Zurrunbiloa antzezlanaren sinopsia

Antzezlanean aktore lanetan Nerea Gorriti eta Ander Azurmendi arituko dira. Gidoilari bezala, berriz, Iñigo Antsorregi azkoitiarra arituko da. Proiektu honen sinopsia honakoa da: Gaizka aulki batean aurkitzen da. Ez daki nola iritsi den horretara, ezta zer gertatu zaion ere. Harrapatuta, laguntza eske hasiko da. Halako batean, eskuan gitarra daraman emakume bat agertuko zaio. Baina... Gizakia al da? Gaizkak ez du jakingo amaiera arte. Dakien bakarra gitarra jotzaile hori bere arazoei amaiera ematen laguntzera etorri dela izango da. Horretarako, bere barnean erantzun asko aurkitu beharko ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide