Kutxa Kultur Musika programarako hautatu dute Ro taldea

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 29a, 13:30
Kutxa Kultur Musika Programarako hautatutako taldeetako ordezkariak. Goian, ezkerrean, Ro taldeko Josu Usobiaga. (Kutxa Kultur Musika)

Gipuzkoako 66 proposamen aurkeztu dira aurtengo Kutxa Kultur Musika Egonaldi programan parte hartzeko deialdira, eta horietatik sei taldek jasoko dute Kutxa Fundazioaren saria. Talde horietako bat izango da Azkoiti-Azpeitiko Ro musika taldea. Epaimahaiaren ustez, «hazteko ahalmen handia» dute.

 

Fundazioak gaur, asteazkena, jakinarazi ditu aukeratutako taldeen izenak. Kutxa Kultur Musika jardunaldiaren helburua da musikariei egonaldi artistikoak egiteko sostengua ematea. Programarako hautatu dituzten sei taldek laguntza ekonomikoa eta praktikoa jasoko dute. Aukeratua izan den Ro taldea honako hauek osatzen dute: Iker Amenabar azpeitiarrak –baxua– eta Gorka Alcalde -gitarra-, Josu Usobiaga –bateria–, Iñigo Gonzalez –gitarra– eta Mikel Iraeta –sintetizatzailea/teklatua– azkoitiarrek.  

Ro taldearen aurkezpen gutuna:

Ro orain dela urte bete sortu zuten Azkoitia eta Azpeitiako 5 pertsonek. Urtebetez lokalean sartuta egon ondoren, 4 kanta argitaratu dituzte. Lehenengo, Ilhunbean Esan - Egina, bi zatitan banatutako kanta luze bat argitaratu zuten. Ondoren, beste bi kanta grabatu eta horietako batekin bideoklip bat argitaratu zuten. Bitartean, kontzertuak ematen dabiltza eta laister Durangoko Ahotsenean eta Toundra madrilgo taldearekin joko dute.

Ro taldeari joan den irailean Maxixatzenek egindako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide