RO musika taldea: «Gure musikak bakoitzaren bizitzako soinu banda sortzen laguntzen du»

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 12a, 13:08

RO musika taldea Azkoitiko eta Azpeitiko bost musikarik osatzen dute:  Gorka Alcalde Alkate—gitarra—, Josu Usobiaga Uso—bateria—, Iñigo Gonzalez Gontxalo—gitarra— eta Mikel Iraeta —sintetizatzailea/teklatua— azkoitiarrek, eta Iker Amenabar —baxua— azpeitiarrak osatzen dute taldea. Iaz sortu zuten taldea eta aurkeztu berri duten lehen singlearen eta aurrera begira dituzten erronken berri eman diote Maxixatzeni.

 

Nola ezagutu zenuten elkar? Nola izan zen taldearen sortze prozesua?

Uso eta Gontxalo talde desberdinetan betidanik ibili dira elkarrekin. Bakoitzak bere instrumentua hartu zuenetik elkarrekin hasi ziren jotzen. Harrezkero, Mamones, Sugarballs, Untergang eta Black Beauty taldeetan ibili dira. Black Beautyn ibilbidea bukatutzat eman eta atsedena hartu ondoren, garbi zuten ‘masa’ egitea nahi zutela, era batera edo bestera. Hasieran, Uso eta Gontxalo hasi ziren Matadeiko beheko lokalean, eta berehala batu zitzaien Mikel Iraeta. Iraeta kontzertu bat emanda zegoen Passepartout taldearekin, eta libre zegoen. Azkar esan zion proiektu berriari baietz.

Ordurako hiru ginen taldean, eta hasita geunden taldearen soinuak nolakoa izan behar zuen adosten, lehen kantak sortzen. Bien bitartean, Matadeiko goiko solairuan Slaktius taldeko Alkate bere kasa post-rock-a egiten egoten zen. Berari proposatu genion ea gurekin elkartuko zen, eta baiezkoa momentuan bertan eman zuen.

Baxu jotzailea bakarrik falta zen. Alkate-k bazuen Azpeitian lagun bat, eta hari proposatu zion. Nahiz eta une hartan beste proiektu baten sartuta zegoen Iker Amenabar, hura bukatu bezain laster guregana batuko zela esan zigun. Horrela, Gabonetarako bostok Matadeiko beheko lokalean hasi ginen kantak sortzen. Halere, Ikerrek beti esango du bera izan zela RO taldearen benetako fundatzailea (kar-kar-kar).

Zergatik RO izena?

Ez da RE ez da DO. RO!

Lehenbiziko singlea aurkeztu duzue: Ilhunbean esan-eginak. Nolako harrera izan du?

Uste genuenaren aldean, oso harrera ona izan du. Inoiz irudikatuko ez genukeen jendeak entzun du singlea, eta kritika oso onak jaso ditu. Urrutira iritsi gara, gainera, eta hori da garrantzitsua: Valentzia bezalako hiritik iritsi zaizkigu kritika onenak. Horrelako harrerak poz handia ematen du, inori laguntzarik eskatu gabe geuk konposatu, ekoitzi, grabatu eta masterizatu baitugu. Emaitza izugarria izan da.

Letrarik gabekoa da abestia. Nolatan?

Alde batetik, talde hasiberri guztietan dagoen dilema izan dugu guk ere. «Nork abestuko du?», esaten genuen. Ez da erraza abeslari bat bilatzea. Bestetik, ordea, guk konposatzeko dugun modurako nahikoa garbi genuen ez genuela abeslaririk behar. Etorkizunean kantaren batean edo bestean sartuko dugu letra, baina ezin jakin. Nahiago dugu ahotsen partez, soinuarekin eta horiekin sortu litezkeen geruza desberdinekin esperimentatzea. Geruza horiekin sortzen diren harmonia eta melodia horien bila ari gara. Batzuetan lasaitasun bila, besteetan amorruaren edota tristuraren bila. Musikak adierazi balezake, zertarako behar da letra?

Post-rock eta rock experimentalaren bueltan sortu dituzue abestiak. Zergatik?

Garbi genuen hasieratik musikarekin esperimentatzea nahi genuela. Horrez gain, hainbat sentimendu ezberdin adierazi nahi genituen musika erabiliz. Taldeko bostoi ikaragarri gustatzen zitzaigun musika mota da. Ez hori bakarrik; aspalditik kontzertu batzuetan entzuten ari garen ‘masa’ egiteko musika perfektua da.

 

Musika estilo horren publikoa nolakoa da?

Ez du generorik, erlijiorik, hizkuntzarik… Azkenean gure musikak bakoitzaren bizitzako soinu banda sortzen laguntzen du. Entzuten jarri eta bidaiatu, paseatu, bizikletan ibili, mendira joan, txortan egin… Denerako eta edozertarako balio du.

Bi zatitan banatu duzue: batetik, ‘Ihunbean esanak’ eta bestetik, ‘Ihunbean eginak’. Zergatik horrela?

Norberaren sentimenduak agerian jartzen dira, musikarekin esperimentatzen jardutean eta espazio batekin topo egiten denean. Une hori mugagabea izan daiteke. Gure kantek espazio horiek estaltzen dituzte eta horiekin jolasten dute. Sortu dugun kanta bakoitza sentimendu asko azaltzeko gai da, baina sentimendu horietan sakontzeko denbora behar da, eta sakontzeko behar den denbora luzea da. Ondorioz, abestiak ez dira motzak. Ilhunbean esan-eginak abesti bat da, baina sentimendu oso desberdinak adierazten ditu zati bakoitzak. Horregatik banatu genituen bi zatitan. Entzulea bietako zeinekin identifikatzen den, hura eskuragarriago edukitzeko. Halere, talde bezala garbi dugu Ilhunbean esanak eta Ilhunbean eginak abestiak ez direla osoak izango bata bestea gabe.

Beste bi kanta ere laster igoko dituzue sarera. Nolakoak dira abestiak?

Bi abesti igoko ditugu. Lehen kanta bigarren kantaren sarrera izango da. Nahiz eta tartean hausnartzeko eta itxaropenerako tarteak dauden, amorruz betetako abesti bat dela esan genezake. Abesti oso berezia da, eta bakoitzak interpreta dezala nahi edo behar duen bezala. Lehen kanta, berriz, bi gitarren arteko jolas bat da.

 

Abesti gehiago sortzeko asmorik ba al duzue? Nolakoak izatea aurreikusten duzue?

Abeste dezente ditugu eginda. Halere, buruan ez genuen disko bat grabatzeko ideia; asmoa zen pixkanaka-pixkanaka zer egiten dugun agerian jartzea. Disko bat grabatzeak izugarrizko esfortzua suposatzen du. Gauzak egiten ari garen bezala oso emaitza aberasgarriak ari gara lortzen. Laster argitaratuko ditugun bi abestiekin eta horietako baten bideokliparekin Ilhunbean esan-eginak singleari jarraipena emango diogu.

Bideoklipa grabatzea esperientzia berria izan al da zuentzat?

Esperientzia polita izan zen, batik bat, bakoitza bere lagunengatik eta ezeren truke zenbat jartzeko prest zegoen ikusi genuelako. Hori izan zen ederrena. Aitor Peporro eta Beris izan genituen kamera lanetan, Charles Ramirez argazkiak egiten eta Matadeiko jendeak ahal zen guztian lagundu zigun. Ederra da mesedea eskatu eta lagun batek ezer galdetu aurretik noiz eta non den galdetu eta baietza esatea.

Abenduaren 8an, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (23:00), lehen kontzertua emango duzue, Madrileko Toundra musika taldearekin batera. Gustura al zaudete?

Data hori, baieztatuta dugun lehena da. Ziurrenik ez da lehen kontzertua izango, ordea. Oso gustura gaude Kulturaz taldeko kideekin Ro taldeari horrelako aukera eman diolako eta irrikatan gaude egun hori iristeko. Toundra gure talde erreferenteetako bat da.

Kontzertuen agenda nola daramazue? Zein dira zuen erronkak?

Kontzertuekin urrian hasteko asmoa dugu, eta ahal den gehiena luzatu nahi dugu bolada. Bitartean joango gara grabaketak egiten eta singleak ateratzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide