EH Bilduk irisgarritasunarekiko «konpromiso sendoa» azaldu du

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 21a, 16:25

Atzo, Elkargunean, Floreaga auzoan irisgarritasun arazoak konpontzeko proiektua aurkeztu zion herriari Azkoitiko Udalak. EH Bilduko Ainara Goenaga zinegotziak esan zuenez, irisgarritasunarekiko «konpromiso sendoa» du Azkoitiko EH Bilduk.

 

«Uste dugu bete beharreko eskubide bat dela pertsona guztion irisgarritasuna bermatzea gure herrian zehar. Aurreko legealdian ere apustu hori egin genuen, eta horren isla dira Urbanue eta gauzatu behar zen igogailua, baina oraingo Gobernuak gelditu zuen», gaineratu du EH Bilduk.

Hori horrela, EH Bilduk auzoko irisgarritasuna bermatzeko «bere esku dagoen guztia» egingo duela azaldu du. Oposizioan egonik orain, Udal Gobernuari eskatu dio proiektu hori betetzeko datozen urteetan.  «Eta maiatzeko hauteskundeen ondorioz, gobernatzera pasatuz gero, eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu irisgarritasuna bermatzeko, bai Floreagan, bai herriko beste auzoetan», azaldu du Azkoitiko EH Bilduk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide