'ZUK' dokumentalaren emanaldia, Elkargunean

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 9a, 09:05

Errefuxiatuen aldeko Esku Bidez elkarteak ZUK dokumentala emango du gaur, ostirala, Elkargunean, 19:00etan. Migrazio krisiari eta milaka lagunek sufritzen duten giza hondamendi aurre egiteko lanean ari diren euskal boluntarioak dira protagonista dokumentalean.

 

Esku Bidez taldeak antolatu du emanaldia eta euren asmoa da, hainbat pertsonak bizi kalitatea hobetzeko egiten duten mugimendu migratorioen berri ematea Azkoitian, eta horren inguruan herritarrak kontzientziatzea. CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Maritimo Humanitario erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakutsiko dituzte arratsaldeko ikus-entzunezkoan. Sarrera hiru eurokoa izango da. Dokumentalaren emanaldian, gainera, Izaroren kontzerturako bi sarrera zozkatuko dituzte Esku Bidez taldeko lagunek.

Izaroren kontzertua, zapatuan

Bihar, zapatua, Izaro Andres bakarlariak kontzertu solidarioa emango du Baztartxo Antzokian. 20:00etan hasiko da abeslari mallabiarraren (Bizkaia) kontzertua. Urria amaitzerako sarrera guztiak saldu zituzten antolatzaileek. Baztartxo goraino beteko da Izaro ikusteko. 600 lagun baino gehiago elkartuko dira antzokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide