Izaroren kontzerturako sarrera guztiak agortu dira

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 30a, 12:50
Izaro Andres.

Izaro Andres bakarlariak Baztartxo Antzokian emango du kontzertua azaroaren 10ean, eta bi astean agortu dira sarrera guztiak. Esku Bidez taldeak antolatutako kontzertu solidarioa izango da. Bestalde, azaroaren 9an, 19:00etan, "ZUK" dokumentala eskainiko dute Elkargunean.

 

Guztira 600 sarrera saldu ditu Esku Bidez taldeak bi astean. Esku Bidez herritar talde batek sortutako elkartea da. Taldearen asmoa da, hainbat pertsonak bizi kalitatea hobetzeko egiten duten mugimendu migratorioen berri ematea, «beraien oihua plazaratzea». Bestalde, Aita Mari itsasontziak mediterranear ertainean erreskate lanetan aritzeko laguntza ekonomikoa lortu nahi du taldeak, 'Salvamento Maritimo Humanitario' SMH-ren Azkoitiko laguntzaile moduan.

ZUK dokumentala, azaroaren 9an

Izaroren kontzertuaren aurretik, ordea, ZUK dokumenatala eskainiko du Esku Bidez taldeak. Elkargunean izango da emanaldia, 19:00etan. 'Krisi migratorio' gisa izendatu eta milaka lagunek sufritzen duten hondamendi humanitarioari aurre egiteko lanean ari diren euskal boluntarioak dira ZUK dokumentalaren protagonistak. CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Maritimo Humanitario erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakusten dira dokumentalean.

Dokumentala ikusteko sarrera 3 euro izango da. Ekitaldira joaten direnen artean Izaroren kontzerturako bi sarrera zozketatuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide