Hiru antzerki emanaldi, urte amaierara bitartean

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 5a, 10:18

Udaleko Kultur sailak hiru antzerki emanaldi gehiago antolatu ditu urtea amaitu bitartean. Biharko saioaz gain, hauek izango dira Baztartxo antzokian ikusi ahal izango diren antzezlanak:

 

Udako etenaldiaren ostean, abendura bitartean antzerki saioen hitzordu gehiago eskainiko dira. Azaroaren 17an, Erlauntza taularatuko da.

Kepa Errasti eta Mireia Gabilondo dira Erlauntza antzezlaneko sortzaile eta zuzendariak. Aktoreak, berriz, Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo dira. Asteburu "eroa" izan behar zena, are gehiago erotuko da antzezlanean. Ikusi emanaldi baten zatia, bideoan:

 

Abenduaren 1ean, Etxeko saltsak antzezlanaz gozatzeko aukera izango da. Txalo produkzioak aurkezten du, eta Begoña Bilbao zuzendariak gidatzen du emanaldia. Aktore lanetan arituko dira Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino. Endreduzko komedia bat da, korapilatsua. Egilea, Alan Ayckbourn antzerkigile eta zuzendari ingeles ezaguna da.

Sinopsia

Greg eta Ginny etxe berean bizi dira. Maitaleak dira eta bizimodu zoriontsuan, ustez, sekreturen bat baitago tartean, isil-gordean. Ginnyk gurasoen landetxera, bixita egitera doala esango dio, baina gezurretan ari da. Izan ere, Philip, bere maitale sekretuarengana doa, harreman sekretua bertan behera utzi behar dutela esateko asmoz. Gregek, susmo txarra hartuta, neska laguna segiko du eta neskalaguna baino lehen allatuko da Philip eta Sheila bere emaztea, bizi diren landetxera. Ginnyren gurasoak direlakoan dago. Ginnyk Philipi aitaren plantak egitea eskatzen dio.

 

 

Abenduaren 29an, berriz, umeen txanda izango da. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Musua aurkeztuko dute. Disko-liburu berria aurkeztear dira, eta diskoari izena emango dion izena Musua da. Azkoitian emanaldi berri hori ikusteko aukera izango dute etxeko txikienek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide