'Jokoz kanpo' antzezlana ikusgai zapatuan, Baztartxon

'Jokoz kanpo' antzezlana ikusgai zapatuan, Baztartxon
Argazkian, Sonia Vazquez Kultura zinegotzia eta Joseba Apaolaza aktorea.

Udako etenaldiaren ondoren, Udaleko Kultur sailak lau antzerki emanaldi antolatu ditu abendura bitartean. Aurreneko saioa zapatu honetan izango da: Borobil Teatroaren 'Jokoz kanpo' antzezlana. Obra hori aurkezteko Azkoitian izan da gaur, asteartea, Joseba Apaolaza aktorea.

 

Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota aktoreek antzeztuko dute Anartz Zuazuak zuzendutako 'Jokoz kanpo' obra. Gidoiari forma emateko, berriz, Mikel Pagadizabal eta Nagore Aranburu aktore ezagunen laguntza eduki dute.

2016an estreinatutako obra da, eta 3 urtez antzezten jarraitu izana «obraren arrakastagatik» dela azpimarratu du Apaolazak. Haurren futbol partida baten bukaeran bi entrenatzaile borrokan hasi ondoren, epaitegietara joango dira. Eta hor hasten da 'Jokoz kanpo' antzezlana. Hamasei eszenatan, muturreko egoera horretara zergatik iritsi diren kontatuko dute. «Futbolaren inguruan sortzen diren frustazio eta ankerkeriak» umorearen bitartez erakusten dituzte, besteak beste, horrelako egoeren esposizio bat eginez. «Ez da funtzio kritiko bat», gaineratu du Apaolazak.

Zapatuan, urriak 6, 19:30ean hasiko da, Baztartxoko oholtzan. 75 minutuko iraupena du obrak, eta 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Sarrerak egunean bertan Baztartxoko leihatilan erosi beharko dira, 6 eurotan.

'Jokoz kanpo' antzezlanaren sinopsia

Futbola haundia da, miresgarria. Futbolari esker ikasten dugu talde lana zeinen garrantzitsua den, ausardia eta umildadearen arteko orekaz, galtzen nola ikasi…

Ikaragarria ze pasio pizten dituen, eta aldi berean zer frustazio sortzen duen. Futbolak milaka pertsona aldi berean hunki edo hondora daitezen lortzen du. Itxuraz normala, orekatua eta lasaia den pertsona segundo batzuetan basati bihurtzea ahalbidetzen du. Manuk eta Martinek aspalditik ezagutzen dute elkar. Manuk eta Martinek finala dute begien bistan. Eta finala irabazi egin nahi dute. Garaipena dute nor direla frogatzeko modu bakarra, bizitzan jokoz kanpo ez daudela erakusteko aukera bakarra.

 

 

Hiru hitzordu gehiago

Azaroaren 17an, Erlauntza taularatuko da eta abenduaren 1ean, Etxeko saltsak antzezlanaz gozatzeko aukera izango da.

Abenduaren 29an, berriz, umeen txanda izango da. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Musua aurkeztuko dute.

Erlazionatuak

'Jokoz kanpo' antzezlanerako lau sarrera zozkatuko ditu Maxixatzenek

Azkoitia

Datorren zapatuan, 19:30ean, Baztartxo Antzokian izango den 'Jokoz Kanpo' antzezlana ikusteko lau sarrera zozkatuko ditu Maxixatzenek, Udalare...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide