Zezenen inguruko erakusketa ikusgai asteburuan, Torre Zurin

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 28a, 18:38

Azkoitiko sokamuturra lehen aldiz egin zela 500 urte bete dira aurten, eta urteurren hori ospatzeko zezen asteburua antolatu dute herriko zezenzaleek, gaurtik igandera bitartean. Festarekin girotzen hasteko, gaur arratsaldean zezenen inguruko erakusketa ipini dute Torre Zurin. 19:30ak arte izango da zabalik, baina asteburuan ere zabalik izango da bertaratu nahi duenarentzat. Biharko eta etzirako hainbat ekintza antolatu dituzte:

Bihar, zapatua, erakusketaren ateak irekiko dituzte 11:00etan. Ondoren, 12:00etan, umeentzako zezen karretoia kaleratuko dute, Herriko Plazan. 12:30ean, berriz, Udal Musika Bandak pasodobleen kontzertua eskainiko du Kontzejupean, eta jarraian, triki poteoa izango da herriko kaleetan zehar. 14:00etan, zezenzaleen bazkaria egingo dute Plaza Ondo Jubilatuen Elkartean. Izen emate epea irailaren 25ean itxiko dute, eta 688 869 510 telefono zenbakira deitu beharko da. 17:00etan, zezenen sokamuturra izango da Plaza Berritik irten eta Balda Plazara. Horrez gain, Zelai Luze ganadutegiko bigantxak eta zekorrak ekarriko dituzte. Balda Plazan hesiak jarriko dituzte ikusleen segurtasuna bermatzeko.

Etzi, igandea, irailak 30, erakusketaren ateak zabalduko dituzte. 12:00etan zezen karretoia izango da herriko kaleetan zehar txikienentzat. 17:00etan, batez ere umeei bideratutako entzierro txikia izango da txahalekin Plaza Berritik Balda Plazara; ondoren, sueltoan arituko dira. Zezen asteburua amaitzeko, zezen karretoia eta zozketa egingo dituzte. Produktuz betetako karretilla bat zozkatuko dute antolatzaileek

Zelai Luzeko ganadutegiaren zezenak ekarriko dituzte zezen astebururako. Zezen txikiak eta handiak, baina denak 350 kilo baino gutxiago pisatzen dutenak, arautegiak eskatzen duen bezala. Betizu arrazakoak ekarriko dituzte zezen gehienak, larrean ibiltzen direnak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide