Zezen asteburua antolatu dute irailaren azken egunetarako

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 20a, 16:08

Azkoitiko zezenzaleek, Udalaren laguntzarekin, zezen asteburua antolatu dute irailaren azken hiru egunetarako. Azkoitiko sokamuturra lehen aldiz egin zela 500 urte bete dira aurten, eta hori baliatuta antolatu dute zezen asteburua.

 

1518tik aurrera, udaleko paperetan hainbat aldiz agertzen da zezen hitza. Jaietan zezenarekin egiten ziren jolasen berri ematen dute duela 500 urteko dokumentuek. Urteurrena ospatzeko, erakusketa, zezen karretoia, musika, sokamuturra eta entzierroa izango dira irailaren 28tik irailaren 30era, herrian.

Hiru eguneko egitaraua

Irailaren 28an, ostirala hasiko dute asteburua. 18:00etan, erakusketaren inaugurazioa egingo dute. Irailaren 29an, zapatuan, erakusketaren ateak irekiko dituzte 11:00etan. Ondoren, 12:00etan, zezen karretoia kaleratuko dute txikienentzat. 12:30ean, berriz, Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du, eta jarraian, triki poteoa izango da herriko kaleetan zehar. 14:00etan, zezenzaleen bazkaria egingo dute Plaza Ondo Jubilatuen Elkartean. Izen emate epea irailaren 25ean itxiko dute, eta 688 869 510 telefono zenbakira deitu beharko da. 17:00etan, sokamuturra izango da, Balda Plazan.

Igandean, irailak 30, erakusketaren ateak zabalduko dituzte. 12:00etan zezen karretoia izango da herriko kaleetan zehar txikienentzat. 17:00etan, zekorren entzierroa izango da lehenik, Balda Plazan, eta ondoren sueltoan arituko dira. Zezen asteburua amaitzeko, zezen karretoia eta zozketa egingo dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide