Lombokeko lurrikararen ondoren, etxerako buelta hartu dute beste zazpi azkoitiarrek

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 12a, 09:50
Behean, ezkerretik eskuinera, Egoitz, Felix eta Maite. Goian, ezkerretik eskuinera, beste lau euskaldun, Amaia, Aneren mutil laguna eta Ane.

Lomboken (Indonesia) Ritcher eskalan zazpi gradu neurtu zituen lurrikarak beste zazpi ere harrapatu ditu. Aitor Azpitarte eta Katia Angoitia Ubud herrian baziren ere. Lurrikararik handienak Lombok irlan (Indonesia) harrapatu ditu, ordea, Amaia Aranbarri eta Egoitz Larrañaga, Mireia eta Nora Romero ahizpak eta euren Azpeitiko lagun bat, Ane Goikoetxea eta bere mutil laguna eta Felix Murillo eta Maite Elizalde azkoitiarrak. Guztien bizipenak bildu ditu Maxixatzenek.

 

Lombokeko lurrikara bete-betean bizitzea egokitu zitzaien beste zazpi azkoitiarri. Aitor Azpitarte eta Katia Angoitia Ubud herrian (Indonesia) harrapatu zituen lurrikarak, baina beste zazpi azkoitiarrek lurraren mugimendu handiagoa somatu zuten, Ritcher eskalak zazpi graduko dardara adierazi baitzuen Lomboken. Joan den igandeko lurrikararen epizentrotik kilometro gutxira zeuden guztiak.

Felix Murilloren eta Maite Elizalderen bizipena

«Beldur handia» pasatu dutela azaldu du Felix Murillok, eta «esperientzia gogorra» izan dela aitortu du. Kuta herrian, Lombok hegoaldean, ziren. Txarrena lehen gaua izan zen azkoitiarrentzat, tsunami alerta ezarri baitzuten uhartean. «Hasiera batean ez genekien lurrikara zen edo ez ere», esan du Murillok.

 

Ane Goikoetxearen eta bere mutil lagunaren bizipena

Ane Goikoetxea azkoitiarra eta Zumarragako bere mutil laguna, Gili Air uhartean zeuden, lurrikararen epizentrotik oso gertu. Eurak ziren gainerako azkoitiarrengandik bereizita zebiltzan bakarrak. Uztailaren 24an joan zen bikotea Balira, 23 eguneko oporraldiaz disfrutatzera. Lurrikara izan baino bi egun lehenago iritsi ziren Gili Air uhartera, eta handik Lombokeko irlara joatea zen eurean asmoa, oporrak han amaitzeko. Lurrikararen unean hoteleko dutxetan ziren Goikoetxea eta bere mutil laguna.

«Hasieran lurra asko mugitzen sentitu genuen, eta argia joan zen. Segituan, dutxetatik irten ginen korrika zelai batera. Orduan, lurra gehiago mugitzen hasi zen, izugarrizko zarata entzuten zen, ekaitza egongo balitz bezala, eta haizea ere oso gogorra zen. Argi txuri disdiratsu bat ere ikusi genuen horrelako batean, eta kolpetik dena gelditu zen», azaldu du Goikoetxeak. Hoteleko turistak bildu egin ziren, eta hoteletik irtetea pentsatu zuten, hotelaren ondoan zegoen beste zelai batera mugitzeko. «Zelaian, bertako biztanle asko zeuden, oso urduri, eta horrek asko kezkatu gintuen, bertakoak ohituta egon beharko luketela pentsatzen baigenuen», azaldu du azkoitiarrak.

Zelaian tsunami beldurra zegoela adierazi du Goikoetxeak. «Bat batean, gizon bat hasi zen denen gainetik hitz egiten, eta egoeraren kontrola hartu zuen. Itxuraz, irla bertan bizi zen hegoafrikar bat zen, eta polizia ohia. Hego afrikarrak irlako lekurik altuenean geundela baieztatu zigun —itsasotik bost metroko altuera soilik—. Hori entzutean, okerrena pentsatu genuen, eta tsunamia iritsiz gero irtenbiderik ez genuen —5 metroko altuera, bi km luze eta 1,5 kilometro zabal zuen irlak—.

Jarraian, informazio bila hasi zen polizia ohia, AEBetako enbaxadarekin hitz egitea lortu zuen, eta tsunami alerta ezeztatu zioten», esan du azkoitiar neskak. «Informazioa jendeari eman ostean, zerbait lasaitu ginen, eta gaua zelai horretan pasatzeko prestatu ginen». Ondorengo momentuak pelikula batekoak bezala izan zirela aitortu du Goikoetxeak. «Hegoafrikar lagunak lasaitzeko aginduak ematen zituen, boluntario eske ibili zen: ura bilatzeko, ume txikientzako manta eta kuxinak bilatzeko, umeentzat eta amentzat jateko zerbait biltzeko, zaurituei mugitzen laguntzeko... Medikuren bat bazegoen ere galdetu zigun. Azkenean albaitari, dentista eta erizain batekin taldetxo bat egin eta sendaketa zona bat sortu zuen zelaiaren alde batean», azaldu du bizipen hura. «Bitartean erreplikak sentitzen genituen, eta mugimendu bakoitzeko bertako biztanleak oihuka hasten ziren. Turistok, berriz, beldurtuta jarraitzen genuen itsasotik olatuen soinu handiren bat noiz entzun beldurrez… Haize gogorra hasten zenean ere inguruan tentsioa nabaria zen», adierazi du.

«Eguna argitzean, gure hotelera joan ginen maleten bila, gauzak presaka hartu, eta portura joan ginen zuzenean. Bertan milaka pertsona bildu ginen, Gili Air irlatik lehenbailehen irteteko asmoz. Eromena zen hura. Lehen ontzietan bertakoak bakarrik joaten ziren, turistei ez zieten uzten igotzen. Txalupak hondartzara gerturatzean, jende multzoa bertara igotzen saiatzen zen, edozein tokitatik... Hainbat ordu pasa ostean, lortu genuen txalupa batera igotzea eta irla txiki hartatik Lombokeko irlaruntz alde egitea», azaldu du.

Handik Bangsal herrira iritsi zen bikotea. «Bangsal herriko portura iristean beste kaos bat ikusi genuen. Portuko eraikin gehienak erorita zeuden, eta portua bertako biztanleez eta turistez beteta zegoen. Autobus asko iritsi ziren, baina denak bertako biztanleentzat zirela esan ziguten, bat ere ez turistentzat. Portuan ordu batzuk igaro ostean, Indonesiako militarren kamioi bat etorri zen, eta militarrek esan zigutenez, kamioi gehiago zetozen turistak Mataramera —Lombokeko hiriburua— eramateko. Orduan beste 'borroka' bat hasi genuen, denok nahi izan baigenuen kamioira igotzea. Nire mutil lagunak eta nik zortea izan genuen, eta azkenetakoak izan ginen lehenengo kamioira igotzen», azaldu du orduko bizipena kontatuz.

«Mataramera bidean, eraikin asko ikusi genituen erorita, zelaietan berriz kanpin-dendak zituzten prest bertako biztanleentzat. Mataramera iristean, taxi bat hartu genuen aireportura joateko. Bertan milaka turista aurkitu genituen, ilaretan txanda eginez, hegazkinetan toki bat bilatzeko asmoz. Orduan beste azkoitiarrekin egin genuen topo. Denok batera aireportuan lo egiteko prestatu ginen. Gauean hegazkin konpania bulegoetara gerturatu ziren eta zorte handia izan genuen, denontzat hurrengo egunerako —abuztuak 7— hegazkin txartelak lortu zituzten eta. Asko poztu ginen denok», dio Goikoetxeak. Egun batzuetako tentsio eta larrialdiak pasata, etxean dira biak.

 

Mireia eta Nora Romero ahizpen bizipena

Argazkian, ezkerretik eskuinera, Mireia Romero, Azpeitiko Iñigo laguna eta Nora Romero.

Mireia eta Nora Romero ahizpak afaltzen ari ziren Azpeitiko Iñigo lagunarekin, Kuta herriko hondartza baten alboko jatetxean. Afaltzea amaitu bezain laster, dena mugitzen hasi zela sentitu zuten. Jatetxearen goiko pisuan ziren azkoitiarrak, eta egitura ezengokorra zuen. Lurrikara gelditu zain itxaron zuten, baina egoera areagotu egin zen. «Jatetxeko zerbitzari batek txalo eginez atera gintuen denak jatetxetik», azaldu du Nora Romerok. Gainerako jendea bezalaxe, errepide nagusira irten ziren eurak ere, «beldurtuta». 

«Lurrikararen ondoren, minutu batzuk oso lasaiak izan ziren; izualdia pasata zela zirudien. Halere, kolpetik jendea korrika hasi zen. Ez genekien zer ari zen gertatzen», esan du Romerok. Tsunamiaren alerta ezarri zutela zabaldu zen jendartean. «Hondartza alboan ginen eta sanferminetako entzierroa ematen zuen hark. Denak korrika, bertako jendeak go, go, go esaten. Mendialdera igotzeko ari ziren esaten. Denak atzera begira gindoazen korrika; olatua noiz etorriko zain ginen. Izua eta kaosa zen nagusi», azaldu du neska azkoitiarrak.

«Ez genekien nora gindoazen ere, baina korrika gindoazelea nire Mireia ahizpa lurrera erori zen. Sekulako mina hartu zuen belaunean. Guk ezin genuen korrika gehiago egin, ahizpak mina zuelako. Orduan auto edo moto baten beharra genuen aurrera jarraitzeko», kontatu du Romero ahizpetako gazteenak. «Jende guztia aurrean ikusten genuenean, errepidera atera nintzen eta auto bat gelditu nuen. Bi indonesiar ziren, eta autoaren atzeko aldean bikote frantziar bat zihoan, bi ume txikirekin», azaldu du Nora Romerok.

Autoan sartzea lortu zuten bi ahizpek. Azpeitiko laguna, berriz, motor batean eraman zuten. «Auto gidariak esan zigun bere ama eta bere anaia mendialdean bizi zirela eta tsunamia iristen bazen leku hartan seguru egongo ginela», aipatu du azkoitiar neskak. «Herrixkara iritsi ginen eta nahi genuen denbora egiteko esan ziguten; gaua bertan pasatzeko aukera eskaini ziguten. Nahiz eta ordurako tsunami alerta deskatibatuta zuten, ez genekien ziur non geunden, eta gaua bertan egitea erabaki genuen. Hurrengo goizean, eurek jaitsi gintuzten berriz hotelera. Oso ondo tratatu gintuzten, borondate handiko familia zen», kontatu du.

Hotelean maletak egin bezain azkar, aireportura abiatu zen hirukotea. «Guk 'zortea' izan genuen, izan ere egun horretan bertan ginen itzultzekoak eta bidaia-txartelak eskura genituen», adierazi du azkoitiarrak. «Aireportuan sekulako kaosa zegoen. Jendeak handik irtetea nahi zuen, edozein bazterretara joateko hegaldiak ari zen erosten», adierazi du. Dagoeneko etxean dira hirurak.

 

Amaia Aranbarriren eta Egoitz Larrañagaren bizipena

«Oporradiko gun batzuk pasatuta, lehen lurrikara Ubud herrian sentitu genuen. 07:00ak inguruan izan zen, esnatu eta segituan. Lurrikara bizitzen genuen lehen aldia izan arren, automatikoki zabalgune batera atera ginen», hasi da bizipena kontatzen Egoitz Larrañaga. «Bertako bati galdetuta, handia izan zela esan zigun. Gerora jakin genuen Ritcher eskalako 6,4 graduko lurrikara izan zela. Lurrikara anekdota moduan hartuta, ferry batean Lombokera joatea erabaki genuen, oporraldiarekin jarraitzeko», jarraitu du azkoitiarrak.

«Kuta herrira joan ginen abuztuaren 5ean. Felixekin eta Maiterekin zerbait hartzera joateko geldituta geunden, eta hotelean geundela, 19:30ak aldera, lurrikara etortzen bezala sentitu genuen», adierazi du Larrañagak. «Lurrean mugimendua nabaritu genuen, eta segituan hoteleko lorategira atera ginen. Intentsitatez lurrikara handitzen joan zen; hogei segundo inguru iraun zuen guztira. Amaia eta biok elkarri helduta jarri ginen zutik, noiz geldituko zain», azaldu du.

«Niri momentu hartan tsunamiaren ideia burutik pasatu zitzaidan, eta segituan logelara joan nintzen. Motxila txikia, pasaportea, dirua, jertsea, kamara, mugikorra eta kargagailua hartu nituen, besteak beste. Orduan, Felixi idatzi nion lurrikara sentitu al zuten jakiteko. Handik minutu gutxira, Felixek mezu bat bidali zidan honako hau idazteko: "Alde hortik azkar! Jende guztia ihes egiten ari da. Mesedez alde egin ezazue!", esan zidan», azaldu du azkoitiarrak. «Mezuaren tonuak larritasuna sartu zigun, eta gure trasteak eta motoa hartuta, atera egin ginen, gasolina asko ez izan arren. Tsunami alerta ezarri zuten, eta denda txiki batean bota genion gasolina motoari. Kuta herritik atera ginenean, sekulako kaosa ikusi genuen errepide bazterretan. Jendeak ahal zuen moduan ihes egin nahi zuen», kontatu du Larrañagak. «Bertako biztanleen haurrak besoetan koltxonetak eta flotagailuak jarrita ikusten ziren. Beste batzuk pneumatikak flotagailu bezala jarrita...», jarraitu du. «Supermerkatu batean egin genuejn geldialdia. Elektrizitate sarerik ez zegoen eta internetik gabe geunden. Gaua kanpoan egitea pentsatuta uhartearen goiko aldera joan ginen», adierazi du Larrañagak.

«Interneta itzuli zen halako batean, eta jakin genuen 221 metroko altueran eta kostaldetik 11 kilometro ingurura geundela. Polizia etorri zen errepidean barrena, eta eurei segitzeko agindua emanda, eskola moduko batera eraman gintuzten. Izen-abizenak, nazionalitatea eta zein hoteletan hartu genuen ostatu galdetu zizkiguten, banan-banan», jarraitu du mutilak. «Ordu t'erdi inguru egon ginen han. Gobernuak tsunami alerta deskatibatu egin zuela eta lurrak Ritcher eskalan zazpi graduko dardara egin zuela jakin genuen. Orduan, berriz ere hotelera jaitsi ginen. Motxilak hartu eta gaua pasatzera barrualdeko herriren batera joatea erabaki genuen. Tragoren bat hartzeko gelditu ginen Felixekin eta Maiterekin. Tragoa hartzen ari ginela, ordea, lurrikara erreplika bat izan zen. Tabernako terrazatik alde egin genuen, eta herria hutsik zegoela ikusi genuen. Gaua pasatzera uhartearen goiko aldera joan ginen», dio Larrañagak.

«Gaua pasatuta, hurrengo egunean aireporturako bidea hartu genuen, zer nolako egoera zegoen ezagutzeko. Mugimendu handia zegoen. Jendea zaurituta iristen zen aireportura. Gu sare sozialetako bideoen bitartez Gili uharteetako egoera ikusten ari ginen. Ez zitzaigun inolaz ere ondo iruditu uharte horietan erabili zuten protokoloa. Lehenik bertako biztanleak babesten zituzten, eta ondoren gainerakoak», adierazi du azkoitiarrak.

«Gure asmoa abuztuaren 8an edo 9an Gili uharteetara joatea zen, eta ikusitakoa ikusita, ez joatea erabaki genuen. Gainera, bigarren lurrikara gertatu aurretik jakin genuen ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran bertako sumendiek aktibitatea izan zutela. Erreplika ugari ari ziren izaten, eta pentsatu genuen sumendiak berriz aktibatzeko arriskua egon zitekeela. Hori jakinda, eta hotzean pentsatuta, erabaki genuen bertatik irtetea», dio.

«Aireportuan sekulako kaosa zegoen. Lurrikara abuztuaren 5ean izan zen, eta guk abuztuaren 9ko hegaldi bateko bidaia bat erosi genuen hasiera batean. Tartean-tartean, lurrikara erreplikak izaten ziren. Azkenean, Bergarako lagun batek gaueko 00:30ean esan zigun hurrengo egunerako hegaldiak zeudela. Hegaldi horretarako txartela hartu genuen», azaldu du lurrikara bizitako mutilak. «Nahikoa azkar atera ginen, eta alokatu genuen motorreko giltza neurekin ekarri dut etxera. Aitor Azpitarterekin kontaktatzen saiatu ginen giltza eurei uzteko, baina ez genuen lortu. Orain giltza bidali beharko diegu bertakoei», dio. «Sumendiaren aktibazio mehatxuagatik eta lurrikaren erreplikengatik erabaki genuen herrialdetik irtetea. Horrela tokatu zaigu», esan du, azkenik, Egoitz Larrañagak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide