Bi azkoitiar gertu harrapatu ditu Indonesiako azken lurrikarak

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 7a, 11:58

Uztailaren 30az geroztik, Indonesian dira oporraldian Aitor Azpitarte (Azkoitia, 1989) eta Katia Angoitia (Azkoitia, 1993) azkoitiarrak. Oporraldiaren erdi-erdian, Ubud (Bali, Indonesia) herrian zen bikotea. Herenegun, denen ezusterako, Richter eskalako 5,9 graduko lurrikarak astindu zuen bi azkoitiarrak aurkitzen ziren herria. Bali eta Sunbawa uharteen artean aurkitzen den Lombok uhartean, berriz, gutxienez 98 hildako utzi ditu Richter eskalako 7 graduko lurrikarak. Bertan bizitakoa azaldu diote Maxixatzeni.

 

Herenegun 19:00-19:30 aldean iritsi ziren Ubud herrian hartuta zuten hotelera Aitor Azpitarte eta Katia Angoitia. Kalera irteteko prestatzen ari ziren, eta mugikorra eta pasaportea hartu, eta hoteletik irtetera zihoazela, bat-batean leihoetako kristaletan soinua entzun zuten. «Bungalow moduko etxeak dira hemen denak, ez dago garaiera handiko eraikinik. Leihoko pertsiana itxita genuen, eta kolpetik sekulako soinua entzun genuen. Biok harrituta gelditu ginen. Euririk ez zuen ari, eta haizea izango zela pentsatu genuen. Kanpoan begiratu genuen segidan, eta haizerik ere ez genuen ikusi. Bi segundo pasatu ziren, eta Katiak nabaritu egin zuen zer izan zitekeen», azaldu dute Azpitartek eta Angoitiak hasieran bizitakoa kontatuz. «Biok urduri jartzen hasita, hoteletik kanpora irten ginen, lurrikara izan zitekeela pentsatuta. Ez genion esan elkarri lurrikara zela, baino biok nabaritu genuen horrela zela. Lehen 30 segundoak oso txarrak izan ziren, benetako beldurra sentitu genuen», adierazi dute azkoitiarrek.

Korrika eta presaka kalera irten ziren, azkenean esku hutsik, ez baitzituzten mugikorra eta pasaportea hartu. «Sekulako zarata zegoen. Inoiz horrelakorik sentitu gabea nintzen. Eraikinak eta bere sabaiak soinua ateratzen zuten. Lurra, berriz, mugitu egiten zen; geldirik geunden, baina mugitu egiten ginen. Oso sentsazio arraroa izan zen», jarraitu dute. Ikusitakoak ikusita eta entzundakoak entzunda, erdigune batera irten ziren Azpitarte eta Angoitia; leku ireki batean gelditu ziren. «Inguruan teilaturik ez zegoen lorategi moduko batera joan ginen, eta han ohartu ginen jendea ere han ari zela elkartzen. Dena oso azkarra izan zen, guztira 20 segundo inguru iraun zuen». Hango jendea ere urduri zegoela ikusi zuten. «Batzuk garrasika eta besteak negarrez ziren. Pixkanaka hoteleko harrerara hurbiltzen joan ginen, egoeraz jabetzeko asmoz. Normala al zen galdetu genion hoteleko jabeari, eta hark barre egin zigun. Jendea lasaitze aldera ari ziren horrela jokatzen gurekin. Gero, ordea, kalera joan ginen eta esan ziguten ez zela batere ohikoa», adierazi du bikoteak.

Egoera apur bat lasaitu zenean, bungalow barrura itzuli ziren azkoitiarrak. «Etxea erortzen bazen ere gainean izan nahi genituen mugikorra, pasaportea eta diru-zorroa», jarraitu dute. Gerora, egoera «lasaitu» egin zela ikusi zuten, eta oporraldiarekin jarraitzea erabaki. Kaleko jatetxe batera joan zen bikotea afaltzera. Han ere lasaitasunik ez, ordea. «Lehen platera atera ziguten, eta hiru segundoko beste lurrikara txiki bat sentitu genuen. Jendea mahai azpira sartzen ikusi genuen, beste batzuk kanpora atera ziren, zerbitzariek ez zekiten zer egin, lanparak mugitzen ziren… Beldurra sentitu genuen, batik bat, ez genekielako gehiagora joan zitekeen edo bere horretan geldituko zen», azaldu dute bigarren lurrikararen testigantza eginez. Internetik ez zutenez, jendeak esandakoarekin egin behar izan zuten aurrera.

Gaur Lombokeko Gili uharteak bisitatzekoak ziren Azpitarte eta Angoitia, baina ez dute bertara iristerik lortu. Gili uhartearen ondoan izan du epizentroa Richter eskalan 7 gradu adierazi dituen lurrikarak. Ehun pertsona inguru hil dira Lombokeko hondamendiaren ondorioz. «Jendeari galdetu diogu, euskaldun batzuekin ere hitz egin dugu, eta esan digute antolatuta zituzten bidaiak bertan behera utzi dituztela, tsunami alerta ezarri baitute Lomboken», azaldu dute. «Lomboken egondako batzuek ere esan dute, lurrikara sentitu zuten unean bertako herritarrek turistak mendialdera eraman zituztela. Giliko uharte guztiak ebakuatu dituztela esan digu gida batek; tsunami alertagatik bertara joatea debekatu egin dute. Lombokera eta Gilira zihoazen itsasontzien bidaiak bertan behera gelditu dira, horien artean gurea», esan dute.

Plan aldaketa horren ondorioz, Indonesiaren beste aldea ezagutzea erabaki du bikoteak. Bizitakoa bizita ere, Indonesiara itzuliko liratekeela esan dute Azpitartek eta Angoitiak. «Ez dakit zorte txarra den, baina guri parean tokatu zaigu; bizitzak egunerokotasun normalean jarraitzen du hemen», kontatu du, azkenik, bikote azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide