'Alizia lurralde miresgarrian' haurrentzako antzezlana ikusgai zapatuan, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 7a, 17:16

Datorren zapatuan, 18:00etan, Baztartxon Alizia lurralde miresgarrian haurrentzako antzezlana izango da ikusgai. Lewis Carrollen Alizia lurralde miresgarrian ipuinaren haur antzerkirako moldaketa aurkeztuko du Glu Gluk, Maitane Zalduegi-Viar zuzendariaren eskutik. Ipuin klasikotik abiatuta gaur egungo 3-9 urte arteko haurrei zuzenduta, ikastearen edertasunaz eta beharraz arituko da antzezlana.

 

Kantu, dantza eta antzerkiarekin Alizia neska gazteak hainbat pertsonaia xelebre eta dibertigarri ezagutuko ditu. Haiei esker onartuko du, eskolan erakusten dioten bezala, matematika, ingurugiroa, elikadura eta hizkuntzak ikasteak sekulako onurak ematen dizkigula. Eta, gainera, dibertigarria ere bada.

Alizia bere ahizpa Ixonerekin dago parkean arratsalde pasa. Ixone liburu bat irakurtzen ari da askaria jaten duen bitartean. Aliziak ez du askaririk jan nahi, gogorik ez duelako. Eta ez du irakurri nahi ere, oso aspergarria iruditzen baitzaio. Orduan berba jario ederra duen untxi zuri bat ikusiko du. Aliziak jakiminez untxia jarraituko du, ahizpa dagoen lekutik urrunduz.

Ate handi baten aurrera iritsiko da Alizia. Ate atzean dagoena ikusi nahi du, baina ez dauka atea bultzatzeko indarrik, askaria hartu izan balu… Untxiak orduan fruta eta ogitartekoa emango dizkio. Aliziak indarra du orain atea bultzatzeko. Ikasiko du, ondo janez gero eguneroko gauzetarako indarra dugula eta elikadura egokiak osasuntsu hazten laguntzen digula.

Ate handia gurutzatuta, Lurralde Miresgarrira iritsi da eta bertako pertsonaiek ezagumena eta jakintza garatzeko gauza pila erakutsiko diote. Chesire katuak naturaren magia erakutsiko dio, inguru eta naturako eskoletan bezala; Kapelagilea eta Martxoko Erbia hizkuntza ezberdinetan kontu kontari arituko dira tea edan bitartean, Alizia hizkuntza klaseen beharraz ohartzeko; eta Erreginaren lorezainekin matematika ikasiko du, poker jokoan bezala, karta bakoitzarekin zenbaki ezberdinak batu eta kentzen baitira.

Azkenean, Alizia etxera bueltatzeko gogoa izango du, nekearen nekez. Etxera itzultzeko, Erreginak asmakizun sorta jarriko dio Lurralde Miresgarritik atera ahal izateko. Aliziak ikasi duen guztia praktikan jartzeko aukera izago du eta jabetuko da ikastea lurralde hau bezain miresgarria dela!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide