Juan Ramon Alberdi, 'Oihenart' Aforismoen VII. Lehiaketaren irabazlea

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 15a, 14:20

Ezkerretik eskuinera, Antonio Casado da Rocha (EHU), Juan Ramon Alberdi, Ekaitz Goikoetxea eta Edurne Otamendi.

Juan Ramon Alberdi Ibarmiak irabazi du 2017ko 'Oihenart' Aforismoen VII. Lehiaketa eta harekin batera saritu dute Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena ere. Lehenengo saria ex aequo ematea erabaki du epaimahaiak eta irabazle bakoitzak 500 euroko saria jasoko du.

 

Sari emate ekitaldia gaur, 12:00etan izan da Donostiako Filosofia eta Zientzien falkultatean. Bertan, sariak emateaz gain, aforismo hautatuak irakurri dituzte.

2015ean ere lehiaketa hori irabazi zuen Alberdik, eta iaz hirugarren postuan gelditu zen.

Juan Ramon Alberdik 'Kristalinoaren koloretik' lanari esker jaso du saria eta Ekaitz Goikoetxeak, berriz, 'Ezer ez eta festa' lanagatik.

Lehiaketara aurkeztu diren lanak Cristina Lasak (fakultateko irakaslea), Juan Kruz Igerabidek (idazlea) eta Eider Rodriguezek (fakultateko irakaslea) epaitu dituzte edizio honetan, Antonio Casado (Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendaria) idazkari moduan aritu delarik.

Oihenart aforismoen lehiaketaren helburua, pentsamendua eta euskarazko pentsamendua bultzatzea, idazteko ohitura sustatzea eta saiogileak sortzea da. Aforismoen lehiaketa hori EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateak antolatzen du, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Edonork parte har dezake bertan.

Modu laburraz azaldutako pentsaerak lirateke aforismoak, alegia ideiak agerrarazteko aski den testua, osoa, baina motza. Literaturan badira aforismoen adibide nabarmenak: kontakizun laburrak, herri-ipuin motzak, esaera zaharrak… 

Euskarazko sorkuntza eta gogoeta sustatzeko baliagarria da lehiaketa hau,  aforismoak sortu berriak izan behar baitute. Aforismoa oso literatura genero egokia da gainera saiakerak idazten hasteko.