Oihenart Aforismoen V. Lehiaketan bigarren saria jaso du Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 9a, 16:54
Argazkian: Edurne Otamendi, Juan Ramon Alberdi, IƱigo Legorburu eta Antonio Casado. (EHU).

Soaren zirrikitutik lanari esker, bigarren saria irabazi du Juan Ramon Alberdik EHUk antolatutako Oihenart aforismo lehiaketan. "Niretzat, aforismoak egitea udara igarotzeko era atsegin eta emankorra da", adierazi du Alberdik. 

 

Saria duela bi aste jaso zuen azkoitiarrak, Edurne Otamendi Garmendia Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzu buruaren eskutik. Alberdik honako hau azaldu du saria jaso ondoren: "Esan beharrik ez dago sari honek sekulako ilusioa egin didala eta lagungarria izango zaidala aforismoak egiten jarraitzeko. Izan ere, niretzat, aforismoak egitea udara igarotzeko era atsegin eta emankorra da. Eta emankorra diot, aforismoak gure pentsamendu eta esperientzietan behatzeko zirrikitu moduko batzuk direlako. Kontzeptu eta zirkunstantzia ezberdin aunitz ikuskatzeko eta hausnartzeko aukera ematen duten zirrikitu zuhur eta irudimenezkoak".

Alberdi, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean antropologiako masterra egiten ari da.

Aurtengo edizioan lehiaketara aurkeztu diren lanak honako hauek epaitu dituzte: Cristina Lasak (irakaslea), Juan Kruz Igerabidek (idazlea), Eider Rodriguezek (irakaslea), Antonio Casado idazkari moduan aritu delarik. Iñigo Legorburu izan da lehiaketako irabazle nagusia Itsasoa den basamortu urdinean lanarekin. 

Lehiaketa hori EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz, abian jarri zuen 2010ean.

Albistearen iturria: Euskal Herriko Unibertsitatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide