Miguel Mari Azpiazu: 'Luis Iriondok gauz askotarako balio zuen eta denean oso ona zen; artista'

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 27a, 14:08
Luis Iriondo.

Luis Iriondo Etxaniz (Azkoitia, 1931-2017) musikari, aktore eta ekoizle hilberriak 60ko hamarkadan gidaturiko taldea izan zen Kontrapuntoak. Miguel Mari Azpiazu musikari azkoitiarra ere taldekideetako bat izan zen, eta Iriondorentzat 'hitz onak bakarrik' dituela adierazi dio Maxixatzeni. 

 

'Ilusio handiarekin ibili ginen Kontrapunto taldean. Gustukoa genuena egiten genuen: musika', dio Miguel Mari Azpiazu musikariak. Hutsune handi bat izango dela esan du euskara eta musika munduan. 'Iriondok gauz askotarako balio zuen eta denean oso ona zen; artista. Arte guztietan parte hartzen zuena zen, eta guztietan oso ona. Uste dut ez zaiola behar adina aitortu egindako lan guztia. Laguna, laguntzailea eta asko balio zuen gizona zen. Bere ahaleginagatik lortu zuen dena, eta oso gora iritsi zen gainera'.

Kontrapuntoarekin egunero elkarrekin ibiltzen ziren, baina hura amaitu zenean ere elkarrekin musika sortzen jarraitu zutela azaldu du. 

Azken urteak makal igaro ostean, 86 urterekin herenegun hil zen Iriondo. Gaur arratsaldean egingo dute haren omenezko hileta-elizkizuna, 19:00etan, parrokian.

 

Badok.eus atarian ikus daiteke Kontrapuntoak taldearen diskografia eta biografia zabala.

 

Miguel Mari Azpiazuri Maxixatzenek joan den uztailean egindako elkarrizketa, berriz, lotura honetan ikus daiteke. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide