Umore Ona elkartekoei omenaldia egingo diete 50. urteurrenean

Maxixatzen.eus 2015ko api. 10a, 15:24

Zazpi eta hamabi urte arteko 240 umek hartuko dute parte 2015eko Haur Danborradan, eta hainbat berrikuntzekin dator. Klara Donea kaletik abiatuko da, 17:30ean. 

Bestalde, mende erdia pasa da Umore Ona elkartekoek Azkoitian aurrenekoz umeen danborrada antolatu zutenetik, eta horregatik bihar, hilak 11, umeen danborrada egunean, omenaldia egingo die Udalak hainbeste urtez antolatzen jardun diren herritar horiei. 

Antolatzaileen lana eskertzeko, omenduak udaletxeko balkoira irtengo dira danborrada Herriko Plazara iristen denean, eta, ondoren, danborrada amaitutakoan, pleno aretoan harrera ofiziala egingo die udal korporazioak. 

Bestalde, aurten berrikuntza batzuk ikusiko ditugu. Izan ere, poliki-poliki umeen arropak berritzea da asmoa, eta, aurten, taldeetako batek pilotari jantziak estreinatuko ditu, eta hurrengo urterako zalduntxoenak ari dira prestatzen. Gainera, gastadoreen konpainia berri bat ere irtengo da Napoleonen jantziarekin, pala eta pikatxoiak eskuan hartuta.

Haurrek hainbat entsegu ordu egin dituzte Gurea Pilotalekuan, eta iritsi zaie kalera irteteko unea. Astelehen, asteazken eta ostegunetan, frontoian biltzen dira, 19:00etatik 20:00etara, eta atzo egin zuten azkeneko saioa. 

Bihar euria egiten badu 16:30ean auto bat ibiliko da herrian zehar megafoniarekin, danborrada bertan behera gelditzen dela abisatzeko. Kasu horretan, igande arratsaldean egingo da, ordu berean (17:30).

Erlazionatuak

Haurren danbor-hotsek, 50 urte

Maxixatzen.eus 2015 mar 27 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide