Haurren danbor-hotsek, 50 urte

Maxixatzen.eus 2015ko mar. 27a, 11:09
1990eko haur danborrada (Argazkia: Azkoitiko Udala)

250 umek hartuko dute parte 2015eko Haurren Danborradan, apirilaren 11an. Poliki poliki umeen arropak  berritzea da asmoa, eta, aurten, taldeetako batek pilotari jantziak estreinatuko ditu.

Berezia izango da aurtengo  haur danborrada. Mende erdia beteko da, Umore Ona Elkartea umeen danborrada antolatzen hasi zela. Duela bi urte arte, Aste Santuko igandean egiten zen, baina parte-hartzaile kopurua jaisten ari zela eta,  Pazko Asteko larunbatera atzeratzea erabaki zen.

Udalarekin elkarlanean, antolatzen du ekintza hau Umore Onak. Bi berrikuntza nagusirekin dator aurtengo danborrada. Batetik, arropak berritzeari ekin diote, eta, aurten, taldeetako batek pilotari jantziak estreinatu ditu. Helburua, poliki poliki, talde guztiei jantzi berriak egitea da.  Herriko historiarekin zerikusia duten arropak egingo dituzte. Hala, datorren urterako, zalduntxo jantziak egitea aurreikusi dute antolatzaileek.

Bestalde,  gastadoreen konpainia berri bat aterako da, Napoleonen jantziarekin, pala eta pikatxoiak eskuan hartuta.

Zazpi eta hamabi urte arteko 250 neska-mutilek eman dute izena, eta dagoeneko fin ari dira entseatzen; astelehen, asteazken eta ostegunetan, frontoian biltzen dira, 19:00etatik 20:00etara  . Bost eta sei urteko haurrek sukaldari modura parte hartzeko aukera dute, txorizo sortak lepoan, danbor-joleen atzetik.

Apirilaren 11an izango da 2015eko Haurren Danborrada. Klara Donea kaletik abiatuko da, 17:30ean. Egun horretan eguraldi txarra izanez gero, igande arratsaldean egingo da, ordu berean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide