Maskararik ez da erabili beharko osasun zentroetan

Julene Frantzesena 2023ko eka. 24a, 08:54

Maskara bat.

Maskara ez da beharrezkoa izango Hego Euskal Herriko osasun zentroetan, ospitaleetan, farmazietan nahiz adinekoen egoitzetan. Espainiako Ministroen Kontseiluak datorren astean onartuko du neurria dekretu bidez.

Datorren astetik aurrera, maskara ez da beharrezkoa izango Hego Euskal Herriko osasun zentroetan, ospitaleetan, farmazietan nahiz adinekoen egoitzetan. Espainiako Ministroen Kontseiluak datorren astean onartuko du neurria dekretu bidez, ziurrenik asteartean.

Dena den, arnasbideetako infekzioren baten sintomak dituzten herritarrek maskara erabiltzea gomendatuko dute, eta derrigor erabili beharko da erietxeetako ebakuntza geletan, zainketa intentsiboetako unitateetan eta erietxeetako zenbait gunetan.

Espainiako Osasun ministro Jose Miñonesek atzo egin zuen maskararen erabileraz hutz egiteko bilera Espainiaren administraziopeko lurraldeetako osasun arduradunekin, eta bilkura horretan erabaki zuten neurria bertan behera uztea.

Neurri hori deuseztatuta, bertan behera geldituko dira Espainiako Gobernuak COVID-19aren pandemia tarteko ezarritako maskara erabiltzeko derrigortasunari lotutako neurri guztiak. Izan ere, iazko otsailetik maskara ez da derrigor erabili behar kalean, eta eraikin barruetan ere ez, apiriletik. Garraio publikoan musukoa erabiltzeko agindua, berriz, aurtengo otsailean kendu zuten.