Ekin diote ISBren Saskibaloi Topaketari

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 17a, 09:28

Zortzi klubetako saskibaloi jokalari gazteek parte hartuko dute gaur eta bihar Azkoitian eta Azpeitian izango den saskibaloi festan. Guztira, 450 gaztetxok parte hartuko dute topaketan.

Iraurgi saskibaloi klubak antolatzen duen ISBren Saskibaloi Topaketa izango da gaur eta bihar. Aurreko edizioetan ez bezala, aurten Azpeitian zein Azkoitian jokatuko dituzte topaketako lagunarteko partidak. Gipuzkoako eta Bizkaiko zortzi saskibaloi klubetako 2012, 2013 eta 2014 urteetako haur eta gaztetxoek parte hartuko dute saskibaloi festan: Iraurgi SB, Donostiako Easo, Ordizia, Beasaingo BKL, Bilboko La Salle, Donostiako Luberri, Barakaldoko Paules eta Durangoko Tabirako. Guztira, 450 gaztetxok parte hartuko dute topaketan.

Azpeitian kiroldegian, Urola Ikastolan eta Perdillegin jokatuko dituzte lagunarteko saskibaloi neurketak gaur eta bihar. 2012ko eta 2013ko neska-mutikoak ariko dira, eta gaur Sanagustin kulturgunean bazkalduko dute.

Azkoitian, berriz, 2014an jaiotako neska-mutikoen arteko saskibaloi partidak izango dira Azkoitia BHI ikastetxeko kantxetan eta kiroldegian. Maila horretako topaketako partaideek Orbelan bazkalduko dute gaur.

(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Mikel 'Otola')

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide