"Pasaiako Badia" dokumentalaren inguruko erakusketa ikusgai, Torrezurin

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 21a, 13:36
"Pasaiako Badia"

"Pasaiako Badia" dokumentalaren crowdfunding kanpainaren baitan, kasuaren inguruko erakusketa izango da ikusgai azaroaren 21etik 25era, Torrezuri aretoan. Erakusketak kasuaren nondik norakoak aztertzen ditu, eta sumarioko agiriak eta gertaeren inguruko egunkari zatiak biltzen ditu, besteak beste. 09:00etatik 20:00ak arte egongo da zabalik erakusketa aretoa.

 
Dokumentalak 1984ko martxoaren 22an Pasaian jazotako gertaerak bilduko ditu. Bertan, Jose Mari Izura, Pedro Mari Isart, Dioni Aizpuru eta Rafael Delas hil ziren poliziak prestatutako segadan. Joseba Merino testigu zuzenak, Aizpuru eta Delas atxilotu ondoren fusilatu zituztela salatu izan du. Paco Etxeberria mediku forenseak 113 bala zulo zenbatu zizkien autopsian lau gorpuei. Kasua 2016ko ekainean artxibatu zuen Donostiako Auzitegi Probintzialak. Senideek Estrasburgora jotzeko asmoa adierazi dute.

Pasa den martxoan aurkeztu zuten proiektua Pasaian buruturiko prentsaurrekoan. Maiatzean grabazio lanetan aritu ziren, eta hildakoen senideak, Rosa Jimeno eta Joseba Merino testigu zuzenak nahiz pasaiako herritarrak, Santiago Gonzalez eta Miguel Castels abokatuak, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia edota Enrique Villareal “El Drogas” elkarrizketatu dituzte orduz geroztik. Elkarrizketa gogor, latz zein hunkigarriak bildu dituzte.

Orain arte sortutako gastuen zati bati aurre egin eta aurrera begira dituzten erronkak finantzatzeko abiatu dute crowdfounding kanpaina. Diru-ekarpena vkm.is/pasaiakobadia web gunean egin daiteke. Kanpainak irauten duen bitartean, gaiaren inguruko erakusketak jarriko dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, tartean Azkoitian. Dokumentala 2017ko udazkenean estreinatuko da eta zinemaldi desberdinetara aurkeztuko dute.

Dokumentalaren teaser-a:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide