Gimnastika Erritmikoko Gipuzkoako Txapelketan sari ugari lortu dituzte Zubiberriko gimnastek

Larunbat goizean jubenilen mailako txapelketa jokatu zuten, eta arratsaldean kadeteen eta senior mailakoen txanda izan zen. Batzuek zein besteek emaitza onak lortu zituzten.

Zubiberri gimnastika erritmikoko klubeko kideek sari bat baino gehiago irabazi zituzten larunbatean Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuten Gimnastika Erritmikoko Gipuzkoako Txapelketan. Goizeko lehiaz gain, arratsaldekoan ere hainbat garaikurrekin itzuli ziren etxera neskak: hain justu, taldekako lehian, kadeteen taldeak hirugarren postua eskuratu zuen baloiarekin. Iraide Uranga, Naia Ibañez, Janire Campos, Naroa Epelde eta June Ibarmia gimnastak aritu ziren ariketa horretan. Horretaz gain, Leire Garciak bigarren postua lortu zuen uztaiarekin egindako ariketan, eta June Ibarmia ere bigarrena izan zen mazekin egindako lanean. Aldiz, Amaia Sudupe hirugarren postuan geratu zen mazekin egindako ariketan, eta Naroa Epeldek bosgarren postua lortu zuen uztaiarekin. Binaka egindako lanetan, aldiz, Garciak eta Sudupek osatutako taldeak bigarren postua lortu zuen, eta Ibarmiak eta Epeldek osatutakoak bosgarrena. Senior kategorian, aldiz, Aitana Sanchezek ere bosgarren postua erdietsi zuen uztaiarekin egindako ariketarekin.