Emaitza onak batu dituzte Zubiberriko kirolariek Gipuzkoako Txapelketako lehen faseko probetan

Erabiltzailearen aurpegia Zubi Berri 2023ko ots. 13a, 08:27

Zubiberriko kirolariek Gipuzkoako Txapelketaren lehen faseko probak jokatu dituzte asteburuan, Donostian. Larunbatean, arratsaldez, alebin mailako txapelketa jokatu zuten, eta atzo, igandea, haurren mailakoa.

Zubiberri gimnastika erritmiko taldeak Gipuzkoako Txapelketako lehen faseko probak jokatu ditu asteburuan, Donostian. Larunbatean, arratsaldez, alebin mailako txapelketaren lehen faseko proba jokatu zuten Atano III.a pilotalekuan, eta atzo, igandea, haurren mailako lehen faseko lehia, leku berean. 

Zubiberriko alebin mailako hiru taldek parte hartu zuten larunbateko probetan, hain zuzen, Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Bizilore Eskola Aktiboko talde banak. Hiru pilota eta bi esku libre modalitatean aritu ziren taldeka, eta Xabier Munibeko taldeak lortu zuen Zubiberriren emaitzarik onena, taldekako bigarren postua eskuratuta. Aldiz, zortzigarren sailkatu zen Biziloreko taldea, eta hamaikagarren Floreagako taldea. Eire Segurolak, berriz, esku libreen modalitatean bakarka parte hartu zuen, eta hark lehen postua eskuratu zuen.

Igandean, berriz, haurren mailako lehen faseko probak jokatu zituzten Zubiberriko kideek Donostian. Bi taldek parte hartuko zuten han, biak Xabier Munibekoak. Bigarren postua eskuratu zuen Xabier Munibe 2 taldeak, eta bosgarren postua Xabier Munibe 1 taldeak. Leire Garciak, ostera, bakarkako lana egin zuen sokarekin, eta hark lehen postua lortu zuen.

Dena den, asteburuan Donostian lortutako emaitzak ez dira erabakigarriak; izan ere, bigarren faseko probak jokatzeko dituzte oraindik. Lehen eta bigarren faseko puntuazioa batu beharko da, eta hala, hamabi talde igaroko dira taldekako finalera eta hamar kirolari banakako finalera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide