Nora Mateos eta Urko Sudupe, junior mailako Espainiako Udako Txapelketara

Erabiltzailearen aurpegia Zubiaurre Igeri Elkartea 2023ko uzt. 25a, 08:10
Sudupe, goian, ezkerretik bigarrena; Mateos, behean, ezkerretik lehena.

Malagan (Espainia) jokatuko da aurten junior eta absolutu mailetako Espainiako Udako Txapelketa. Bihartik hilaren 30era bitartean jokatuko dituzte probak igerilariek, eta Zubiaurreko bi ordezkari izango dira han: Nora Mateos eta Urko Sudupe.

Igeriketa denboraldiari itxiera ederra emateko aukera dute gure igerilariek. Malagan (Espainia) junior mailako Espainiako Udako Txapelketa jokatuko dute, eta Zubiaurre igeri elkarteko Nora Mateos eta Urko Sudupe han izango dira; txapelketa hori lehiatzea denboraldian zehar egindako lanaren saritzat hartzen dute biek ala biek. Mateosen iritziz, gainera, hurrengo denboraldian igeriketan jarraitzeko "motibazio gehigarria" ere bada txapelketa.

50 metro bizkar proba jokatuko du Malagan Sudupek, eta gogotsu dago lehen aldiz parte hartuko baitu estatu mailako txapelketan. "Oso gustura nago, ez bainuen espero lortzerik; oso zaila ikusten nuen gutxieneko denbora lortzea", esan du hark. "Ahalik eta ondoen" igeri egin, eta azkoitiarrek baino maila hobea dutenak "igerian ikusteko ilusioarekin" doa Sudupe.

Bestalde, Mateosek badu eskarmentua halako txapelketetan, haurra zela ere parte hartu zuen-eta Espainiako Txapelketan. Hala ere, gogoan du gutxieneko denbora egin zuen momentua. Hala esan du: "Gipuzkoako taldekako txapelketan lortu nuen, eta ilusio handia egin zidan; egia esan, garai hartan, urtarrilean, ez nuen espero lortzerik". 50 eta 100 metroko bular estiloko probak jokatuko ditu Mateosek Malagan, eta bere helburua da "denborak mantentzea". Denboraldiaren balorazioa egiteko eskatuta, "gorabeherak gorabehera, orokorrean ongi" joan dela adierazi dute biek.

Amaiera ona eman diezaiozuela Malagan, Nora eta Urko. Gozatu esperientziaz eta zorte on!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide